Udalak eman du izena udaberrian egingo den Euskaraldian

Ane Olaizola 2025ko urt. 17a, 09:21

Euskaraldiko txapak.

Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo duen euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketa soziala, eta horren barruan egingo duten Euskaraldia Hika egitasmoarekin ere bat egin du udalak. Herritarrek martxoan eman ahal izango dute izena.

Elkar mugituz egingo dugu lelopean egingo dute Euskaraldiaren laugarren aldia, eta aurten, lehenengoz, udaberrian izango da hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketa kolektiboa. Hain zuzen, maiatzaren 15etik 25era bitartean, ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak ahalbidetuko dituzte. Herriek eta entitateek dagoeneko eman dezakete izena Euskaraldian, eta Azkoitiko Udalak egin duela jakinarazi du; martxotik aurrera, berriz, herritarrek izango dute belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera. 

Aurtengo Euskaraldiaren arduradunen arabera, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" egin nahi duten aurten, haien helburua baita ariketa sozial hori Euskaraldiaren 11 egunetatik haratago joatea. "Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute. 

Era berean, Euskaraldiaren barruan, Euskaraldia Hika ere egingo dute aurten, eta udala ere batu da egitasmo horretara, hitanoa indartzeko asmoz. Hikaldia Euskaraldian parte hartzeko modu bat dela azaldu udu udalak, "nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu" esan nahi duen H bat txapan jarrita. ZirHika taldeak kudeatuko du Euskaraldia Hika egitasmoa, eta haren helburu nagusia da hitanoa indarberritzea, bereziki noka. "Justu, Azkoitiko Udalak sustatzen duen Hike eizan! egitasmoak dituen helburu berak dira horiek", esan du erakundeak.

Azkoitiarrek Euskaraldia "babesteko eta sustatzeko arrazoi bat baino gehiago" dutela azpimarratu du udalak, herriko Bulego taldeak aurtengo aldiari soinu banda jarri diola gogorarazita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide