Kristau egutegian Kandelario eguna da gaur, otsailak 2, eta Azkoitiko Parrokiak egun hori ospatu du Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Usadioari jarraituz eta gaurko egunez ohitura den bezala, iaz jaiotako edota bataiatutako haurrak Ama Birjinaren mantupetik pasatu dituzte, baita aurtengo urteko kandelak bedeinkatu ere.
11:00etako meza nagusian egin du Azkoitiko Parrokiak gaurko ospakizuna. Jose Luis Francesenak organoarekin Peñafloridako Kondearen Irten ezazu abestia jo eta Parrokiako Abesbatzak hura abesten zuen bitartean, Ama Birjinaren irudiarekin prozesio txikia egin dute parrokian zehar. Haren atzetik eraman dituzte aldarearen pareraino iaz jaiotako edota bataiatutako zenbait haur, denak ere beraien gurasoen lepoan.
Aldarearen aurrean zain izan dute Felix Azurmendi erretorea; izan ere, hark pasatu ditu haur horiek guztiak Ama Birjinaren mantupetik. Dena den, katekesiko lehen ikasturtea osatzen ari diren haurrak ere hartu ditu erretoreak.
Bide batez, aurtengo urteko kandelak ere bedeinkatu dituzte elizkizunean. Guka Izaskun Lete katekistarekin elkartu da gaurko elizkizunaren atarian, Kandelario egunari buruz galdetzeko eta Azkoitiko Parrokiak eguna nola zer eratara ospatzen duen galdetzeko.
Bihar, berriz, San Blas eguna ospatuko du parrokian, eta goizeko elizkizunean janariak bedeinkatzeko aukera izango dute hala nahi dutenek.
Honako argazki bilduma honetan ikus daitezke goizak Andre Mariaren Jasokundeko parrokian eman duena: