Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak atzo, igandea, itxi zuen 2024. urteko Jubilatuen Astea. Eguerdian, meza izan zuten Floreagako elizan, eta elizkizunaren ondoren, Joseba jatetxean elkartu ziren, han lagunarteko bazkaria egiteko. Guztira, ia 60 lagun elkartu ziren, eta festa giro jatorrean igaro zuten arratsaldea; izan ere, Laja trikitilariaren doinuetara dantza egiteko aukera izan zuten jubilatuek.
Joan den aste osoan zehar ospatu dute Azkoitiko jubilatuek beraien astea. Asteartean hasi zituzten ekintzak mendi irteera eginda, eta ondoren, besteak beste, bisita gidatua, karta joko nahiz bingo txapelketak eta egunpasa egin zituzten.
Bidaia Asturiasera
Bestalde, jubilatuen elkarteak bihar, asteartea, zabalduko du martxoaren hasieran Asturiasera (Espainia) egingo duten bidaiarako izena emateko epea. Gijon, Oviedo, Covadonga eta San Vicente de la Barquera (Espainia) ezagutzeko aukera izango dute bidaian parte hartzen dutenek.
Martxoaren 3tik 6ra egingo dute bidaia, eta 275 euro ordaindu beharko da izen-ematea; hotela eta bisita gidatua sartzen dira prezio horren barruan. Nolanahi ere, logela bakarrik izatea nahi duenak 150 euroko gehigarria ordaintzeko aukera izango du. Plaza Ondo elkarteak jakinarazi du plaza guztiak bete arte egongo dela izena emateko epea zabalik.
(Argazkiak: Plaza Ondo elkartea)