Giro ezin hobean ari dira ospatzen Jubilatuen Astea

Andoni Elduaien 2024ko aza. 29a, 08:50

Aste osoko egitaraua prestatuta, lagun giro jatorrean ari dira ospatzeko Plazako Ondok antolatutako Jubilatuen Astea. Mendi irteera, bisita gidatua, karta joko txapelketak eta egunpasa egin dituzte azken egunetan. Gaur, bingo berezia egingo dute, eta etzi, bazkaria eginda agurtuko dute astea.

Martxa onean doa aurrera Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea. Atzo, osteguna, Nafarroara egin zuten bidaia, Lizarra eta Iratxe herriak ezagutzeko. Goizean goiz abiatu ziren hara ia ehun herritar, eta giro ezin hobean igaro zuten eguna.

Dena den, Jubilatuen Astea asteartean hasi zuten, mendi irteera eginda. Balda plazatik abiatuta, Agarre, Etxeberritxo eta Biurreta baserriak lotu zituzten aurrena, Aretxabaleta kaleko ur depositua gero, eta Txurruka baserritik igarota herrigunera itzuli ziren. Herenegun, asteazkena, Azkoitia Erdi Aroan bere 700. urteurrenean izeneko bisita gidatua egin zuten Juan Bautista Mendizabal historialariak eta herriko kronista ofizialak zuzenduta, eta arratsaldean, karta-joko txapelketak jokatu zituzten. Besteak beste, seiko-urrean, musean, tutean eta eskoban aritu ziren Kultur Etxean.

Gaur, San Andres bezpera, bingo berezia egingo dute jubilatuen elkartearen egoitzan, 16:30ean hasita, eta bihar, San Andres egunez, txorizo pintxoa eta txikitoa hartzeko aukera izango dute Orbela tabernan, 11:00etatik 13:00etara. Igandean, berriz, meza izango dute 12:00etan Floreagako elizan, eta 14:00etan bazkaria, Joseba jatetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide