Jubilatuak beren astea ospatzen ari dira azaroaren azkenean. Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatu du egitasmoa, eta gaur hasi dituzte ospakizun-ekintzak. Mendi ibilaldia egin dute hainbat pertsonak goizean, eta Balda plazatik hasi, Agarre, Etxeberrito eta Biurreta baserriak zeharkatu, eta Floreagatik barrena itzuli dira herrigunera.
Bihar, bestalde, bisita gidatua eta karta jokoa izango dituzte: batetik, Azkoitia Erdi Aroan bere 700. urteurrenean izeneko bisita gidatua eskainiko du herriko kronista ofizial Juan Baustista Mendizabalek, 10:30ean; bestetik, karta joko txapelketak hasiko dira 16:00etan elkarteak Kultur Etxeko eraikinean duen egoitzan, eta seiko-urrean, musean, tutean eta eskoban arituko dira bertaratzen direnek. Ondoren, gainera, txokolatada egingo dute.
Azaroaren 28an, ostegunez, Lizarra eta Iratxe (Nafarroa) herriak ezagutzeko egunpasa egingo du jubilatuen elkarteak, eta hurrengo egunean, San Andres bezperan, bingo berezia egingo dute jubilatuen elkartearen egoitzan, 16:30ean hasita. San Andres egunean, berriz, txorizo pintxoa eta txikitoa hartzeko aukera izango dute Orbela tabernan, 11:00etatik 13:00etara.
Ohi bezala, meza eta lagunarteko bazkariarekin amaituko dute Jubilatuen Astea. 12:00etan, Floreagako elizan izango da elizkizuna, eta ondoren, 14:00etan, Joseba jatetxean egingo dute bazkaria, Laja trikitilariak girotuta. Itxita dago bazkarirako izen-ematea.