Sanandresetako helduen danborrada egin zuten atzo, larunbata, Azkoitian. 22:00etan hasi zen danborrada Baztarrikaldetik, eta Aingeru kalea nahiz Kale Nagusia zeharkatuta, herriko plazan egin zuten hamabi konpainiek aurreneko geldialdia. Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin, aurreneko piezak eskaini zituzten han: San Martin martxa, Diana, Idiarena eta Tambores-Tatiago.
Plazan jo beharrekoak jota, Balda plazara abiatu ziren segidan konpainiak, han egin baitzuten eguneko bigarren geldialdia; Umore Ona, Azkoitia eta Debako martxa abestiak eskaini zituzten han. Julio Urkixo kalean etenaldi txiki bat izan zuten gero danbor jotzaileek, eta han San Sebastian martxa jo zuten.
Dena den, gauerdirako plazara itzuli ziren konpainiak. Zazpi abesti jo zituzten udaletxearen aurrean: Azkoitia, San Sebastian martxa, Idiarena, Umore Ona, Xoxote, San Martin martxa eta Tambores-Tatiago. Gauerdiko kanpaiekin batera, gainera, aurrenekoz altxatu zuten helduen danborradan herriko bandera ofiziala. Azkoitia 700 egitasmoaren barruan erabaki zuten bandera igotzea, eta Ana Azkoitia alkatea arduratu zen eginkizun horretaz.
Hamabi konpainia
Hamabi konpainiak parte hartu zuten atzoko jaian. Honako hauek dira horiek guztiak: Udaleko Taldea, Pilotarien Taldea, Ixkitturri elkartea, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko Taldea, Floreaga ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga ikastetxeko ikasle ohien taldea, Xabier Munibe ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri, Aldapa, Zalduntxoak eta Belaño.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)