Larunbatean egingo dute Azkoitiko helduen danborrada 22:00etan hasita, danbor eta txapa hotsak nonahi entzungo dira herrian. Urtez urte hazten joan da helduen danborrada; azken sei urteetan hiru talde berri sortu dira, azkena iaz. Aurten, iaz bezala, hamabi konpainiak, elkartek edo taldek parte hartuko dute danborradan, eta ia 500 lagun bilduko dira.
Hainbat berrikuntza izango dira danborradan; batetik, Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarrak konposatutako San Martin martxa joko dute aurrenekoz helduen danborradan; eta bestetik, hirugarren aldiz danborradan parte hartuko duen Zalduntxuk taldeak jantzi berriak estreinatuko ditu.
Bestalde, gauerdiko kanpaiekin batera herriko armarria daraman bandera igoko dute aurrenekoz udaletxean, danbor jotzaileek Azkoitia martxa jotzen duten bitartean. Horrez gain, danborrada ireki ohi zuen zaldirik ez da izango jaian, animalien ongizatea babesteko legea dela eta.
Taldeen kokapena, plazan
Hamabi talde elkartuko dira plazan gauerdia baino lehen, eta hori hala, lau taldeko hiru lerro osatuko dituzte udaletxearen aurrean. Lehen lerroan izango dira Presoen eskubideen aldeko taldea, Ixkitturri elkartea, Pilotarien taldea eta Napoleoien udaleko taldea; bigarren lerroan kokatuko dira ikastetxeen taldeak, hala nola Floreaga Ikastetxeko gurasoen nahiz ikasle ohien taldeak eta Xabier Munibe Ikastolako gurasoen zein ikasle ohien taldeak; hirugarren eta azken lerroan, berriz, Txintxarri, Aldapa, Zalduntxuk eta Belaño taldeak arituko dira. Hona hemen taldeen kokapena, irudi bidez:
Hamabi konpainia
Ixkitturri elkartea, Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri taldea, Aldapa taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, Azkoitiko Udalaren taldea, Zalduntxuk taldea eta Belaño taldea. Horiek dira, iaz bezala, danborradan parte hartuko duten hamabi taldeak. Bakoitzak bere jantziak eta berezigarriak ditu, eta Azkoitia Gukak talde guztien zerrenda osatu du:
Ixkitturri elkartea
- Sorrera urtea: 2001a.
- Jantzia: baserritar jantzia.
- Danborrak ala txapak: emakumeek danborrak jotzen dituzte, eta gizonek txapak.
Pilotarien taldea
- Sorrera urtea: 1998a.
- Jantzia: pilotari jantzia.
- Danborrak ala txapak: jertse gorridunek danborrak, eta jertse urdindunek txapak.
Euskal presoen eskubideen alde taldea
- Sorrera urtea: Danborrada San Andres jaietan egiten hasi aurretik; data zehatzik ez.
- Jantzia: baserritar jantzia.
- Danborrak ala txapak: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.
Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea
- Sorrera urtea: 2005a.
- Jantzia: sukaldari jantzia.
- Danborrak ala txapak: jantzi beltza dutenek danborra jotzen dute, eta gorria dutenek txapa.
Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea
- Sorrera urtea: 2005a.
- Jantzia: baserritar jantzia.
- Danborra ala txapa: emakumeek danborra, eta gizonek txapa.
Txintxarri taldea
- Sorrera urtea: 2015a.
- Jantzia: sukaldari jantzia.
- Danborra ala txapa: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.
Aldapa taldea
- Sorrera urtea: 2018a.
- Jantzia: galtza zein kamiseta beltza eta txaleko nahiz txapel horia.
- Danborra ala txapa: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.
Floreagako gurasoen taldea
- Sorrera urtea: 2003a.
- Jantzia: baserritar jantzia.
- Danborra ala txapa: erdiek txapa eta beste erdiek danborra.
Floreagako ikasle ohien taldea
- Sorrera urtea: 2003a.
- Jantzia: baserritar jantzia.
- Danborra ala txapa: erdiek txapa eta beste erdiek danborra.
Udaleko taldea
- Sorrera urtea: danborrada San Andres jaietan egiten hasi aurretik; data zehatzik ez.
- Jantzia: Napoleon jantzia.
- Kideak: gizonek danborra, eta emakumeek txapa.
Zalduntxuk taldea
- Sorrera urtea: 2022a.
- Jantzia: zalduntxoen itxurako jantzia estreinatuko dute aurten.
- Danborrak ala txapak: erdiek danborra eta beste erdiek txapa.
Belaño taldea
- Sorrera urtea: 2023a.
- Jantzia: jantziak egin bitartean, polo beltza eta galtza zuriak.
- Danborrak ala txapak: taldekide erdiek danborra jotzen dute, eta gainontzeko erdiek, txapa.