Bihar, zapatua, egingo dute Azkoitian sanandresetako helduen danborrada, eta Gukak zuzenean eskainiko du jaia. Gukaren biharko saioa 23:20 inguruan hasiko da. Hasieran, danbor jotzaileek plazan egingo duten aurreneko geldialdiko irudiak eskainiko ditu telebistak, eta 23:40 inguruan, konpainiak herriko plazara iristen hastearekin batera, zuzeneko saioa egingo du. Ekitaldia Azkoitia Gukaren nahiz Gukaren webguneetan eta Guka Telebistan ikusi ahal izango da.
22:00etan hasiko da danborrada Baztarrikaldetik, eta Aingeru kalea nahiz Kale Nagusia zeharkatuta, herriko plazan egingo dute hamabi konpainiek aurreneko geldialdia. Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin, aurreneko piezak eskainiko dituzte han: San Martin martxa, Diana, Idiarena eta Tambores-Tatiago.
Plazan jo beharrekoak jota, Balda plazara abiatuko dira segidan konpainiak, han egingo baitute eguneko bigarren geldialdia; Umore Ona, Azkoitia eta Debako martxa abestiak eskainiko dituzte han. Julio Urkixo kalean etenaldi txiki bat izango dute gero danbor jotzaileek, eta han San Sebastian martxa joko dute.
Dena den, gauerdirako plazara itzuliko dira konpainiak. Zazpi abesti joko dituzte udaletxearen aurrean: Azkoitia, San Sebastian martxa, Idiarena, Umore Ona, Xoxote, San Martin martxa eta Tambores-Tatiago. Gauerdiko kanpaiekin batera, gainera, aurrenekoz altxatuko dute helduen danborradan herriko bandera ofiziala. Azkoitia 700 egitasmoaren barruan erabaki dute bandera igotzea, eta Ana Azkoitia alkatea arduratuko da eginkizun horretaz.
Hamabi konpainiak parte hartuko dute biharko jaian, iaz bezala. Honako hauek dira horiek guztiak: Udaleko taldea, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri, Aldapa, Zalduntxuk eta Belaño.