Zapatuan jokatuko dute Azkoitiko XIX. Herri Lasterketa, eta korrikalariak herriko errepideetan zehar antxintxika arituko direnez, eragina izango du bai trafikoan, bai autobus geralekuetan. Dagoeneko parte hartzaileentzat Raka Maraton taldeak eskainitako dortsal guztiak agortu dira, eta beraz, lasterketa handia jokatuko dute herrian zehar.
Hainbat kaletako eta auzunetako errepideetan eragina izango du probak. Izan ere, honako gune hauetatik guztietatik igaroko dira korrikalariak: San Martin kalea, Jausoro auzunea, Ibaiondo kalea, Xabier Munibe kalea, Guardia kalea, Altzibar auzunea, Beidazar kalea, Trenbidearen Zumardia Aldapa kalea, Juin kalea, Juin Txiki industrialdea, Julio Urkixo etorbidea, Izpiritu Deuna kalea, Ugarte kalea, Klara Donea eta Plazaberri lotuko ditu etziko herri lasterketak.
Autobusetan ere eragina
Lurraldebusek jakinarazi duenez, 16:30etik 17:30era bitartean autobus geralekuetan aldaketak izango dira. Esaterako, Altzibar etorbidean egin beharreko geldialdia Altzibarko biribilgunean egingo du autobusak, San Antonio kaperaren aurrean. Era berean, San Martin kalean ez da autobusik geldituko bitarte horretan. Dena den, gainerako zerbitzuak normaltasunez eskainiko ditu Lurraldebusek, herriguneko beste geralekuetan geldialdiak eginez. 17:30etik aurrera, zerbitzu guztiak ohikotasunez eskainiko dituzte.