Agortu dira larunbateko herri lasterketarako dortsal guztiak

Andoni Elduaien 2024ko aza. 20a, 12:45

Korrikalaria, iaz, Ibaiondo kalean zehar. (Aitziber Arzallus)

Raka Maraton taldeak lasterketarako eskuragarri jarritako 350 dortsalak agortu dira. Beste urte batez, lagun ugarik parte hartuko du San Andres festei ekin aurreko herri lasterketan. Antolatzaileek bidegurutzeak-eta egingo dituzten boluntarioei dei egin diete.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldeak antolatutako XIX. Herri Lasterketa jokatuko dute zapatuan herrian. 350 lagunentzako dortsalak jarri zituen taldeak eskuragai, eta duela minutu gutxi jakinarazi du agortu egin direla guztiak. Parte hartze handia izango du lasterketak, eta beraz, giro ederra sortuko da jendetza horren artean.

Plazan izango ditu probak irteera eta helmuga, baina aurrez hamar kilometroko ohiko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek; bost kilometro eskaseko bi itzuli eman beharko dizkiote ia herri osora zabalduko duten zirkuituari. Herriko plazatik irtendakoan, San Martin kalera abiatuko dira korrikalariak, eta Jausoro auzuneko Burdinoleta kalea inguratuta, Ibaiondon behera abiatuko dira segituan. Ibaiondotik Aizkibel liburutegiaren parera zuzenduko dira gero kirolariak, baina Guardia kaleko bidegurutzea hartuta, Ibaiondo kalera itzuliko dira atzera.

Itzuli txiki hori eginda, Ibaiondotik Altzibar auzora egingo dute antxintxika parte hartzaileek. Altzibarko Anaitasuna plazari buelta emango diote aurreneko itzulian —Altzibar plaza inguratuko dute hara egindako bigarren itzulian—. Altzibar atzean utzitakoan, berriro herriko plazaren alboko kaleetara bueltatuko dira korrikalariak. San Martin eta Ibaiondo kaleak zeharkatuko dituzte aurrena, eta kiroldegiaren aurreko biribilgunera iritsitakoan, ertzain-etxerako maldan gora joango dira; beilatokia eta Juin industrialdea utzi beharko dituzte ondoren atzean, Julio Urkixo etorbidera atera aurretik.

Julio Urkixo etorbidera kale horren 40 zenbakiaren pareko bidegurutzetik sartuko dira parte hartzaileak; Izpiritu Deunaren kalean —Intsausti jauregiaren alboko kalea— utziko dute etorbidea, Ugarte kalean eta Klara Donea kalean barrena jarraitu beharko baitiote ibilbideari korrikalariek. Plazako helmugara iritsi aurretik, Plazaberri izango dute gainditu beharreko azken zatia.

Aitor Mimenza eta Idoia Nogales nagusitu ziren iazko proban. Mimenza Azpeitiko bizilagunak 30 minutu eta 35 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Nogales debarrak, berriz, 37 minutu eta 42 segundoko denbora egin zuen.

Boluntarioei deia

Nolanahi ere, antolatzaileek boluntarioei dei egin diete bidegurutzeak-eta egiteko. Lagundu nahi duten herritarrek 15:00-15:30 bitartean herriko plazara agertu beharko dute, lasterketari buruzko irizpideak jasotzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide