Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen zuzendari izendatu berri dute Ernesto Martinez de Cabredo azkoitiarra. Aldundiak hiru zuzendari izendatu berri ditu –Cabredoz gain, Fernando Prieto eta Libe Otegi izendatu dituzte–, hain zuzen ere, PSE-EEren eskuetan dauden sailetan. Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, bere "azpiegiturak modernizatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko" duen konpromisoa indartzeko egin ditu izendapenak.
Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak egindako izendapenen garrantzia nabarmendu du: "Gipuzkoa jasangarriago eta konektatu baterako bidea hasita dago, eta Fernando Prieto, Libe Otegi eta Ernesto Martinez de Cabredo beren karguetan sartzea urrats garrantzitsua da mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. Beren esperientziarekin eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko".
Martinez de Cabredo Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusi izan da orain arte, eta aurrerantzean Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendari postuan ariko da. Eskarmentua du sektore publikoan nahiz publikoan; izan ere, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi ez ezik –postu horretan zela elkarrizketa egin zion Azkoitia Gukak–, Amenabar eraikuntza enpresako zuzendari kudeatzailea izana da. Bide, ubide eta portuetako ingeniaria da ikasketaz.