900 lagun inguruk elkartasunez bete dituzte Azkoitiko kaleak Ttipi-Ttapa taldearen V. Lasterketa Solidarioan. Atzo, larunbatez, egin zuten elkartasun ekimena Azkoitian, eta adin guztietako ehunka herritarrek jarri zuten beren alea lasterketa solidarioaren alde. Txikienak izan ziren parte hartzen aurrenak, eta ondoren egin zuten helduen ibilbidea. Aurten, Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emango diote probarekin lortutako dirua. Antolatzaileak nahiz parte hartzaileak gustora agertu dira aurtengo edizioak izandako harrerarekin.