Tta-kun eta Izarraitz areto futbol taldeek Gipuzkoako Kopari ekingo diote gaur, ostirala. Azkoitiko bi taldeek kopako lehen kanporaketako partidak jokatuko dituzte; Elkarguneko kantxan 21:45ean jokatuko du Tta-kun iazko kopa txapeldunordeak, eta Ibarrako (Gipuzkoa) Belabieta kiroldegian arituko da 20:30etik aurrera Izarraitz.
Herrikide Garaje Tolosa taldea izango dute aurkari Tta-kunekoek. Maiatzean maila igoera gauzatuta, Gipuzkoako Lehen Mailan arituko da aurten Tta-kun, eta hain zuzen, maila bereko aurkaria izango du gaur etxean. Denboraldi berriari nahiz ligari maila hartzen hasteko aurkari ezin hobea izango du, beraz, Xuban Larrañaga Xaue taldeko entrenatzaile berriak zuzentzen duen taldeak.
Iaz kopa txapelketan egindako bidea errepikatzen saiatuko dira Tta-kunekoak; izan ere, Donostiako Final Fourrerako sailkatu ziren beltzak. Hain justu, gaur gauean izango duten taldea izan zuten Final Fourraren finalerdian ere aurkari; orduan ondo atera zitzaizkien gauzak, finalera sailkatu baitziren. Pasaiako (Gipuzkoa) Afantxo izan zuten kontrario finalean, eta ezin izan zuten garaikurra lortu.
Lauburu KE Ibarra izango da, berriz, Izarraitzek aurrean izango duen taldea. Gipuzkoako Hirugarren Mailan jokatuko dute beste urte batez Izarraitzekoek. Gaur partida konplikatua izango dute haiek, aurrean Lehen Mailako arerioa izango dute eta. Gainera, maila horretako sailkapeneko bigarrenak izan ziren ibartarrak aurreko denboraldian.