Kiroldegiko harmailek aspaldiko betekada handiena zutela, emozioz betetako partida jokatu zuten atzo gauean Tta-kun eta Bilkoin Legorreta areto futbol taldeek. Batak zein besteak asko zuten jokoan, Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko lehian izan baitziren Azkoitian, eta azkenean etxeko taldeak lortu zuen hori. Garaipenik ez, baina 2-2- berdinduta, etxekoek nahikoa izan zuten Gipuzkoako Bigarren Maila atzean uzteko.
Ehunka zale bildu zituen igoera faseko partiduak Elkargunean, eta partida hasterako giroa beroa zen herriko kaleetan; behin kiroldegian, are gehiago. Norgehiagoka hasi orduko aurretik jarri zen Tta-kun taldea, Urtziren golari esker. Handik bost minutura, berriz, bigarren gola sartu zuen etxeko taldeak; Ekainek, hain justu. Tentsio handiko partida jokatu zuten biek ala biek, eta egoera are gehiago tenkatu zen bigarren zatia hasi eta berehala Bilkoin Legorretak bi gol sartuta markagailua irauli zuenean. Ez zen falta izan zaleen animorik, eta ondorengo minutuetan ere batak zein besteak hainbat aukera izan zituzten golak sartzeko, baina markagailua 2-2 zela amaitu zen neurketa, eta orduan bai, lehertu zen azkoitiarren poza, taldeak datorren urtean Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko duelako.