Ekainaren amaieran jakinarazi zuen Iraurgi Saskibaloi Klubak Juaristi Boring and Milling Machinesek ez zuela datorren denboraldian Bigarren FEB mailako –lehen Zilarrezko LEB Liga zena– taldea babesten jarraituko; gaur iragarri dute datozen hiru denboraldietan taldeak izango duen babesle berria: Biele Group izango da. Ibon Guridi ISBko koordinatzailea, Xabier Aldazabal eta Julian Lazkano Biele Groupen ordezkariak, Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Igor Isuskiza Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia izan dira berria iragarri dutenak gaur.
"Beharrezko momentu batean besoak zabaldu dizkigu Biele Groupek", azaldu du Guridik, hitza hartu berritan. "ISB dagoen lekuan dago orain arte enpresa pribatuek eta instituzioek emandako laguntzagatik; bestela, horrelako proiektu bat aurrera eramatea ez litzateke posible izango". Halaber, Biele Group bezalako enpresa "erreferente" baten konfiantza izateak "lanean jarraitzeko gogoa" ematen duela gehitu du koordinatzaileak.
Guridiren esanetan, "konpromisoa, talde lana eta guztien parte hartzea bultzatzea" dira enpresak eta saskibaloi klubak amankomunean dituzten baloreetako hiru, eta horiek "indartzen" jarraituko dute akordioari esker. Ildo beretik, Aldazabalek saskibaloi kluba zoriondu du egiten duen lanagatik: "50 urte bete zituen Biele Groupek joan den urtean, eta aurten zuek ari zarete ospatzen urtemuga bera. Baditugu antzekotasunak: konpromisoa, elkarlana, esfortzua eta aurrera egiteko grina. Lan handia egiten duzue umeekin eta gazteekin, eta saskibaloi eskolako ume askorentzat eredu zarete". Aldazabalen hitzetan, "ohorea" da enpresarentzat ISBko talde bat babestea, eta "gogotsu" daude elkarrekin lanean hasteko.
2024-25, 2025-26 eta 2026-27 denboraldietarako sinatu dute babesletza hitzarmena eta, horrenbestez, Bigarren FEB mailan jokatzen duen taldeak Biele ISB izena izango du denboraldi horietan.
2024-25 denboraldia
50. urtemuga ospatzen ari da ISB, eta datorren denboraldia talde gehien izango dituen denboraldia izango da: 28 talde guztira –400 jokalari inguru–. Guridik dioenez, Gipuzkoan, goi mailako eta formakuntza taldeak uztartzen dituen klub bakarra da ISB, bai emakumeetan eta baita gizonetan ere. Goi mailako bi taldeez gainera, seniorretan hiru talde, juniorretan bost, kadeteetan sei, infantiletan zortzi eta kimuetan lau kudeatzen ditu klubak, baita saskibaloi eskola ere.
Datorren denboraldiari begira jarrita, Biele ISBk Bigarren FEB mailan "egonkor" mantentzea izango du helburu nagusietako bat: "Urte batzuk daramatza taldeak maila horretan, eta hor jarraitu nahi dugu", azpimarratu du ISBko koordinatzaileak. Horrez gainera, aurki fitxaketa berriak jakinaraziko dituztela aurreratu du Guridik.
Domusa Teknik ISBk, bere aldetik, Challenge ligara igotzea lortu ostean, "ilusioz betetako" denboraldiari helduko dio. Azken denboraldiko jokalariek osatuko dute taldea, eta horiez gain, datozen asteetan fitxaketa berriak jakinaraziko ditu klubak –Sara Iparragirre oriotarra da klubaren azken fitxaketetako bat–.