Andremarietako film laburren lehiaketan izena emateko epea luzatu dute

Unax LarraƱaga 2024ko uzt. 12a, 14:14

Iazko film laburren lehiaketako irudia.

Datorren ostiralera arte, hilaren 19a, luzatu du Udalak izena emateko epea. Talde bakarrak eman du izena, eta Udalak adierazi duenez, ez badira film gehiago aurkezten, bertan behera utziko dute lehiaketa.

Andramarietako film laburren lehiaketako izena emateko epea luzatu du Azkoitiko Udalak. Uztailaren 19ra arte luzatu dute aukera, eta Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak. Talde bakarrak eman du izena aurtengo lehiaketan eta film labur gehiago aurkeztu ezean, txapelketa bertan behera utzi beharko duela adierazi du Udalak.

Udaleko Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek parte hartzera animatzeko eskaera luzatu die herritarrei: "Aurreko edizioetan parte hartu dutenekin hitz egin dugu, eta denbora faltagatik ez direla aurkeztu esan digute ia denek. Sekulako pena da, zeren eta taldeak ez badira filmak aurkeztera animatzen, ekimena bertan behera utzi beharko dugu eta, uste dut, jaietako ekimen arrakastatsuenetakoa dela. Plaza goraino betetzen da. Horregatik, ahalegin berezi bat eskatu nahi diegu kamerarekin eta aktore lanetan moldatzen diren guztiei".

Benetako gertaeretan oinarrituta da aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia, eta horrekin zerikusia duten lanak aurkeztu beharko dira.

Azken edizioetan bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu udalak: Lehenengo saria eta Ikuslearen saria. Sari horietako bat jasotzen duenak ezingo du beste saria lortu. Hori horrela, sari bat zein bestea irabazten duen taldeak 300 euroko dirusaria eta oroigarria jasoko ditu. Dena den, gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiek 200 euroko dieta jasoko dute.

Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren oinarriak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide