Andremarietako film laburren lehiaketan izena emateko epea, zabalik

Iraia Oteiza 2024ko eka. 19a, 10:30

Iazko film laburren emanaldiko irudi bat.

Izena emateko epea uztailaren 12an itxiko da. Lanak aurkezteko azken eguna, berriz, abuztuaren 9a izango da. Aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia Benetako gertaeretan oinarrituta da.

Andremarietako XII. Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea gaur zabaldu du Azkoitiko Udalaren Kultura Sailak. Era berean, aurtengo lehiaketara lanak aurkeztu ahal izateko taldeek zein oinarri jarraitu beharko dituzten zehaztu du erakundeak.

Benetako gertaeretan oinarrituta da aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia, eta beraz, lanek horixe hartu beharko dute oinarri. Lehiaketan izena emateko azken eguna uztailaren 12a izango da, eta film laburrak aurkezteko epea abuztuaren 9an itxiko dute. Lanak udaleko Kultura Sailean aurkeztu beharko dira.

Gehienez 12 minutuko iraupena duten lanak aurkeztu daitezke; hortik gorako iraupena duten lanak "lehiaketatik kanpo" utziko dituzte. Lanek euskaraz egindakoak, originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dute. Gainera, formatu digitalean aurkeztu beharko dira proiektuak –DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatua–. Dena den, 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete soilik lehiaketan.

Azken edizioetan bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu udalak: Lehenengo saria eta Ikuslearen saria. Lehenengo saria lortzen duenak ezingo du Ikuslearen saria lortu. Hori horrela, sari bat zein bestea irabazten duen taldeak 300 euroko dirusaria eta oroigarria jasoko ditu. Dena den, gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiek 200 euroko dieta jasoko dute.

Bestelako oinarrien inguruko azalpenak ere eman ditu Kultura Sailak. Izen-emate epea itxi ondoren lan asko aurkeztuz gero, parte hartzaileekin bilera bat antolatuko lukete zer neurri hartu erabakitzeko. Bestalde, lau film labur baino gutxiago aurkezten badira, ez dute lehiaketarik egingo.

Horrez gain, herritar baten irudia erabili, imitatu edo aipamen zuzena egitekotan, eragiten dion herritarrari onespena eskatu beharko zaio. Halaber, gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dituzte onartuko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide