Festa eta pilota uztartuz, aparteko giroa nagusitu zen atzo herriko kaleetan, Txulue elkarteak antolatutako Pilotar Egunaren aitzakian. Goizetik, pilotari lotutako ekitaldiak izan ziren nagusi Kontzejupean, eta Beti Poz elkarteak omenaldi hunkigarria jaso zuen herritarren aurrean.
Goizean zein arratsaldean, gainera, pilota partidak jokatu zituzten Kontzejupean: binakako partida bana jokatuko zuten Arrietak eta Olaiak Barrocal eta Orbegozoren aurka, eta Andreuk eta Goenagak Azketa eta Matxinandriarena bikotearen aurka. Emakumeen partidan, Barrocal eta Orbegozo izan ziren nagusi, eta gizonetan, berriz, Andreu eta Goenaga azkoitiarrak. Omenaldiaren ondoren eta goizeko ekintzak amaitzeko, berriz, txapelketa herrikoiaren gizonen banakako lehia izan zen, eta Kortak 22-11 irabazi zion Landerri. Arratsaldean, berriz, txapelketa herrikoiaren binakako finalak jokatu zituzten, eta haiek ere ikusmin handia sortu zuten. Emakumeetan, Jone eta Ane 22-15 nagusitu ziren Amaia eta Oihanaren aurka, eta gizonetan, Korta eta Aranburu 22-10 nagusitu zaie Zabale eta Juleni. Horrenbestez, Kortak bi txapel jantzi zituen atzo, hura izan baitzen buruz buruko finaleko txapelduna ere.
Egunak emandako irudiekin osatutako bideoa da honakoa.