Jokin Aranbarri futbol entrenatzaile azkoitiarrak Bilbao Athletic taldea zuzenduko du datorren denboraldian. Duela hilabete iragarri zuen SD Eibar kluba utziko zuela, Vitoria armaginen bigarren taldea azken hiru denboraldietan gidatu ondoren. Hain zuzen, azkoitiarraren gidaritzapean lortu du Vitoriak mailaz igotzea.
"Ilusio handiz helduko diot hain nortasun berezia duen taldearen gidaritzari. Egunez egun hobetzea da helburua, taldeak duen inertzia positiboari jarraipena emanez", azaldu du Aranbarrik klubari egindako adierazpenetan.
Azkoitiarrak ibilbide luzea osatu du futbolari lotuta: 2004ra arte Anaitasunan jokatu zuen, eta ondoren Ondarroako Aurrera, Barakaldo CF, SD Gernika, Lemoa, Sestao River (bost denboraldi) eta Arenas (hiru denboraldi) taldeetatik igaro zen, Bigarren B Mailan aurrelari postuan 135 norgehiagoka jokatuz. Orduz geroztik, Eibarreko harrobiko kategorietako teknikaria izan da zazpi denboraldiz, eta azken hiruretan Vitoria taldea zuzendu du.
Bilbao Athleticen entrenatzaile berriak taldearen entrenamenduak hastearekin batera eskainiko du bere aurreneko prentsaurrekoa.