Jokin Aranbarri futbol entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen Vitoria futbol taldeak Espainiako Hirugarren RFEF Mailako liga txapelketa irabazi, eta ondorioz, mailaz igotzea lortu du. SD Eibarren harrobiko taldeak, klubaren bigarren taldeak, Beasain bigarren sailkatuarekin neurtu ditu indarrak gaur arratsaldean Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaian, eta eibartarrek 2 eta 0 irabazi diete beasaindarrei.
Liga txapelketa amaitzeko bost jardunaldi falta diren honetan lortu du Aranbarrik Eibarren bigarren taldea mailaz igotzea. Txapelketa guztian zehar erakutsi du Vitoriak beste kluben gainetik dagoen taldea dela; 23 partida irabazi, sei berdindu eta bakarra galdu dute gaur-gaurkoz. Gainera, gol gehien sartu eta gutxien jaso dituena da –59 gol dituzte alde eta hamahiru kontra–.
Gaur arratsaldean Vitoriak ia-ia jokatu aurretik zuen maila igoera ziurtatuta; izan ere, gol bakar bategatik galduta ere mailaz igotzeko modua zuten Aranbarrirenek. Hurrengo urtean maila bat gorago jokatuko du, beraz, Vitoriak, Espainiako Hirugarren RFEF Mailatik Bigarren RFEF Mailara egin baitu jauzia.