Jokin Aranbarri entrenatzaileak Eibar utziko du denboraldia amaitzean

Iraia Oteiza 2024ko mai. 8a, 16:16

Jokin Aranbarri. (Urtzi Oteiza)

Vitoria futbol taldea mailaz igo berri da Aranbarriren gidaritzapean, baina entrenatzaile azkoitiarrak kluba uztea erabaki du. Larunbat arratsaldean zuzenduko du bere azken partida.

Jokin Aranbarri futbol entrenatzaile azkoitiarrak aurtengo denboraldia amaitzearekin batera utziko du SD Eibar. Aranbarrik klubaren bigarren taldea gidatu du azken hiru denboraldietan, eta hain zuzen, bere gidaritzapean lortu berri du taldeak mailaz igotzea; horrenbestez, datorren denboraldian Espainiako Bigarren RFEF Mailan jokatuko du Vitoria armaginen bigarren taldeak.

Entrenatzaile azkoitiarrak bere erabakiz utziko du kluba, eta larunbatean zuzenduko du bere azken partida, Hirugarren RFEF Mailako 4. multzoko azken jardunaldian. Vitoriak Pasaiaren aurka jokatuko du neurketa, 18:00etan, Unben.

Aranbarri 2016ko udan iritsi zen Eibarrera, Ohorezko Kadeteak entrenatzera. Ondoren, Euskal Ligako Kadeteak gidatu zituen denboraldi batez, eta beste bi denboraldiz izan zen Ohorezko Mailako Gazteen entrenatzaile. Azken hiru denboraldietan Eibarren bigarren taldea zuzendu du. SD Eibarrek eskerrak eman dizkio urte hauetan guztietan egindako ahaleginagatik, eta zorterik onena opa dio etorkizunean izan ditzakeen proiektuetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide