Gurasoen etxetik alde egingo luketen gazteak asko diren arren, alokairuan hartzeko moduko etxebizitza bat topatzea lantegi zaila jarrita dago Urola Kostan; nola kostako herrietan, hala barrukoetan. Eskaintza urria da eta prezioak garestiak, gero eta garestiagoak, gainera. Alokairu errentek denean egin dute gora, salbuespenik gabe; batzuetan, asko igo dira, eta beste batzuetan, are gehiago. Esaterako, 2017tik 2022ra bitartean, alokairu prezioak %15 pasatxo garestitu dira Azpeitian eta Orion; %15 eta %20 artean, Zarautz eta Azkoitian; eta %21etik gorako hazkundea izan dute Zestoan eta Zumaian.
Eskaintzan eta eskarian oinarritzen den merkatu librean, eskaintza baino eskari handiagoak prezioen igoera ekartzen du ezinbestean, baina iazko apirilean Espainiako Kongresuan onartu zuten Etxebizitza Legeak alokairu prezioen igoera balaztatzeko neurri bat jasotzen du: tentsio handiko eremu izendapena. Eskualdean lau herrik betetzen dituzte izendapen hori lortzeko baldintzak: Zestoak, Zumaiak, Azkoitiak eta Zarautzek, azken biek soilik barruti batzuetan. Zestoako Udalak dagoeneko baieztatu du izendapena eskuratzeko eskaera ofiziala egingo duela, eta ikusteko dago zer egingo duten gainontzekoek. Bien bitartean, eskualdeko egoeraren argazkia egiteko lagungarri izan daitekeelakoan, tentsio handiko eremu horietan bizi diren edota lan egiten duten hainbat herritarren testigantzak bildu ditu Gukak.
Zumaiako Unanue higiezin agentziako langilea da Iñaki Unanue; ongi ezagutzen du, beraz, alokairurako etxebizitzen merkatuaren egoera. Azken hilabeteotan, "oso eskaintza urria" izan dutela dio: "Hiru hilabetean behin etxebizitza berriren bat-edo izaten dugu. Kontratuak, berriz, mordoxka bat egiten ditugu, etxejabeak zuzenean errentariekin etortzen direlako", azaldu du.
"Gehienek 550 euroren truke bizi nahi dute Zumaian, eta hori
ezinezkoa da ia-ia pisua partekatuta ere"
"Lehendik nik alokatu ditudan pisuak bai, hustean alokatu egiten ditut, baina berriak oso gutxi izaten dira", dio higiezinen agenteak. Etxe bila, aldiz, herritar askok jotzen dute beraiengana. Unanuek azaldu du alokatu nahi duten pertsonen datuekin osaturiko zerrenda luze bat dutela: "Bakoitzak zer behar duen jasotzen dugu, batetik: bizi nahi duen lekua, aurrekontua, zenbat lagunentzako tokia behar duen, zer motatako etxea nahi duen... Eta, bestetik, jakin behar izaten dugu alokatu behar duenak kaudimennik baduen ala ez, eta zer berme dituen. Ez gara gehiegi sartzen hor, lan finkoa izatea ere ez delako gaur egun berme bat". Askotan, etxearen nagusiak berak jartzen ditu baldintzak.
Badira kaudimenaz gaindiko baldintzak ezartzen dituzten nagusiak ere. Beren etxeetan haurrik ez izatea eskatzen dutenak, adibidez: "Guk datu horiek jaso egiten ditugu. Maskotena orain ez dago hain gaizki ikusia; hasieran, lanean hasi ginenean, inork ez zuen nahi, eta hori aldatu egin da".
Alokairuaren bila ari direnen zerrenda horretan 2022an izena emandako jendea dagoela aitortu du, dena den. "Ez dira profilean sartzen, edo ez dago merkatuan beraiek nahi duten hori. Gehienek 550 euroren truke bizi nahi dute Zumaian bertan, eta hori ezinezkoa da ia-ia pisua partekatuta ere”, esan du. Askotan ez dute alokairurako etxebizitzen eskaintzarik iragarri behar izaten ere. Unanuek dio iragarriko balute, jende oldea artatu beharko luketela. Ez dute iragartzeko beharrik izaten.
Unanuek azaldu duenez, "EAEko Higiezinen Elkargoenara bera, etxeko nagusiak du kontratutik eratorritako gastuak ordaintzeko betebeharra", baina geroz eta gehiagok eskatzen diete horiek ordaintzeko prest dauden maizterrak bilatzeko. Orain, ordea, Etxebizitzaren Legeak nagusiak behartzen ditu gastu horiek beren gain hartzera. Eusko Jaurlaritzan gorde beharreko nahitaezko fidantzaz gain, bankuko abala ere nahi izaten dute etxejabe batzuek, baina Unanue ez da horren aldekoa, tramitea garestitzeaz gain, "gainkarga bat" ezartzen diolako maizterrari.
Era guztietako etxebizitzak alokatzen dituzte: berriak, zaharrak, oso ondo daudenak eta baita gaizki daudenak ere. "Prezioa horren araberakoa izaten da. Hala ere, saiatzen gara nagusia konbentzitzen pisua ondo lagatzeko, gero arazo gutxiago ematen dituelako". Unanuek azaldu du, gainera, jendeari ez zaiola
hainbeste axola etxearen kokapena: "Ez bada haurrak dituztela, berdin zaie erdigunean edo herriaren izkin baten bizi, eta berdin zaizkie orientazioa, argitasuna, terraza duen ala ez... Ez baitago aukerarik".
"Etxebizitza parke bat egin daiteke, eta nagusiak ez jakin nor izango den bere maizterra"
Arautzeko gai zaila iruditzen zaio alokairuarena Unanueri: "Tentsiopeko eremu gisa izendatu nahi dituzte herri batzuk, eta horrek esan nahi du toki horietan ezingo dela alokairuen prezioa igo, baina ez dut uste eraginkorra izango denik, hasieratik pisuak garestiago aterako direlako merkatura". Etxe hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %50 garestitzea ere ez zaio konponbidea iruditzen, hori ordaindu beharrik ez izateko nahikoa
izango litzatekeelako senitartekoren bat etxe horretan erroldatzea, esaterako. Arazoari "beste era batera" heltzearen aldekoa da Unanue: "Etxe hutsak atera behar dira merkatura, makina bat badaude eta". Etxe hutsak zigortu beharrean, etxe hutsak merkatura ateratzea saritu beharko litzatekeela adierazi du."Etxebizitza parke bat egin daiteke, eta nagusiak ez jakin nor izango den bere maizterra. Kudeaketa zentralizatua egongo balitz, errazagoa litzateke, baina tranpak egiteko moduak ere bilatuko lituzkete”.