Alokairuen prezioak

Maider Beristain, errentaria: "Ez da kasualitatea klaseak, arrazak edota egoera zaurgarriek aukerak baldintzatzea"

Maria Maya Manterola 2024ko ots. 9a, 08:59

Maider Beristain. (Maria Maya Manterola)

Maider Beristainek 44 urte ditu, eta bikotekidearekin eta haur txiki batekin bizi da Zarautzen, alokairuan. Emantzipatu zenetik bizi izan da alokairuan.

Alokairuan bizitzea aurrezteko eta etorkizunean etxe bat erosteko etapa bezala ulertzen du askok. Zure kasua hori al da?   

Ez. Nik hautu hori egin nuen ez nuelako nire jabetzan zerbait edukitzeko gogorik. Ez nuen mundu horretan sartu nahi, eta, gainera, horrek ematen zidan aukera herriz mugitzeko edo lotura  bat ez edukitzeko. Baina, batez ere, jabetzaren kontu horregatik  erabaki nuen. Ez dut beharrik jabetzaren bat edukitzeko.

Askorentzat, berriz, inbertsio bat da Zarautzen etxe bat jabetzan izatea.

Bai. Alokairuak oso altuak dira eta, gainera, iristen da momentu bat lasai bizi nahi duzuna. Alokairuan bizitzeak duen desabantaila nagusienetakoa da etxejabeak edozein momentutan bota zaitzakeela, eta tentsio hori gabe bizitzeko dagoen aukera bakarra etxe bat erostea da. Jabetzaz hitz egiten dugu, baina bankuen etxeak dira: zure bizitza osoa hipotekatzen duzu horretara, eta horretarako ere diru inbertsio bat behar da, koltxoi bat, askotan familiak eman ahal dizuna.  Oraintxe etxebizitza tasatuetarako zozketan sartu gara, baina oso zaila da etxe bat tokatzea. Jende askok ematen du izena, eta ez da aukera erreal bat.

Aldatzeko aukera aipatu duzu. Jendearentzat, ordea, egonkortasuna eta nora itzuli edukitzea garrantzitsuak izaten dira.

Bai, eta etxe bat erosteak eman diezazuke egonkortasun hori, dudarik gabe. Nire kasuan, gainera, ume txiki bat izanda, behar dut lasaitasuna. Ez badaukazu inor zure zaintzapean errazagoa da mugitzea, beste askatasun  bat daukazu horretarako, esaterako, etxetik botatzen bazaituzte. Haur batekin  zaurgarriagoa zara, eta nik uste horrek eraman gaituela etxea erosteko aukeran pentsatzen jartzera.

Nolakoa izan zen alokairuan bizitzeko etxea topatzeko prozesua?

Soldata nahiko duinak ditugu bikotekideak eta biok, eta horrek bidea errazten du. Baldintza asko jartzen dituzte, adibidez, hiru hilabeteko alokairua ordaintzea etxe batera sartu ahal izateko. Profil bat ere bilatzen dute: zuria  izatea, soldata duina edukitzea, diru sarrera nahiko fidagarriak...  

Badaude klaseak markatzen dituen ezaugarri batzuk etxe batera sartu ahal izateko. Guri gertatu zitzaigun: etxe bat utzi genuenean bagenuen beste pertsona bat interesa zeukana etxe horretan sartzeko, eta nagusiak baiezkoan  zeuden; baina beltzarana zela ikusi zutenean, aitzakiak jartzen hasi ziren.

Egia esan, zortea izan dugula uste dut. Higiezin agentzia baten bitartez topatu genuen dena. Etxe bat atera zen alokairuan, gustatu egin zitzaigun, eta bageneukan ordaintzeko modua. Hilean 950 euro ordaintzen ditugu, eta 
etxea nahiko handia da. Bazeuden beste batzuk erdigunetik kanpo, 60 metro koadrokoak, eta hilean 1.000 euro eskatzen zituztenak. Zentzugabekeriak dira. 

Prezioak asko igo dira. Nola arautu beharko litzateke alokairuaren merkatua?

Gaur egungo prezioak ez dira jasangarriak jendeak dituen soldatekin alderatuta. Prezioak jaisteaz gain, laguntza gehiago egon beharko lirateke errentarientzat.  Erosteko ere, jendeak arazoak izaten ditu bankuetan hipotekak lortzeko. Puntu horretan, iraupen luzeko lasterketa bat hasten du jendeak.  Horrek markatzen du zure herrian zer herritar mota nahi dituzun eta zer gizarte nahi duzun eraiki. Badakizu nor gera daitekeen aukera horietatik kanpo. Ez da kasualitatea klaseak, arrazak edota egoera zaurgarriek aukerak baldintzatzea.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide