Urrutira joan gabe saioa bueltan da. Bihar, asteazkena, hirugarren denboraldiko lehen atala eskainiko du Erlo Guka Telebistak. Ohiko bidetik, baina ordutegi berria izango du aurrerantzean saioak. Datozen sei asteazkenetan 21:00etan ikusi ahal izango da ibilaldiei eskainitako saioa Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) telebistan.
Egunarena eta ordutegiarena ez da berrikuntza bakarra; izan ere, Mireia Galarza kazetariak zuzenduko du denboraldi berria. Lehen atalean Aizarnan zehar egingo du hark ibilaldia; hain zuzen, Aizarnako plazatik Santa Engrazi ermitara arteko bidea egingo du kazetariak, eta horretarako, Agiro mendi klubeko Mikel Irureren laguntza izango du.
Guztira, Urrutira joan gabe saioaren sei atal eskainiko ditu UKTk hirugarren denboraldian. Saioa telebistan jarraitu ezin dutenek UKTren hedabide guztietan ikusi ahal izango dute saioa ostegunetan.