Badator uda, pandemia garaiko bigarrena. Egoerak ziurtasun handirik ematen ez duen arren, herritarrak hasiak dira opor garairako planak egiten. Batzuk joan egingo dira, besteak etorri, Urola Kostak ere badituelako erakustekoak. Gurera datozen horiek, gaua pasatzen geratzekotan, ostatu hartu beharko dute nonbaiten. Eta kostaldeko herrietan zein barrualdekoetan, badute non aukeratua. Eskura dituzte hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, kanpinak, apartamentuak... eta baita etxebizitza turistikoak ere.
Azken urteetan zalaparta handia sortu da etxe turistikoen inguruan, batez ere, Donostian. Baina Urola Kostan ere badira, eta aspalditik. "Turismoa Zarautzen XIX. mendean hasi zen, eta garai hartan dagoeneko bazegoen ohitura etxeak eta lokalak alokatzeko", gogora ekarri du Esther Facchin Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendariak. Zarautzen ez ezik, Zestoan ere bai. Hango uren gaitasun sendagarriaz ohartuta, Euskal Herriko lehendabiziko bainuetxea eraiki zuten XVIII. mendearen bukaeran, eta ondorengo hamarkadetan milaka udatiarren helmuga izan zen Zestoa. Bisitari aberatsenek garai hartan herrian zeuden hamalau hoteletako batean hartzen zuten ostatu; hotelera joan ezin zutenek, berriz, etxeetan. Kanpotarrak ezinbesteko diru iturri ziren Zestoako familia askorentzat.
Joan dira urteak eta aldatu dira gauzak, asko aldatu ere. Bi gauza nabarmendu ditu Facchinek: batetik, turisten egonaldiaren iraupena; eta bestetik, salmenta kanalak. "Lehen etxeak denboraldi osorako alokatzen ziren, uda osorako". Ez da XIX. mendeko kontuez ari, duela bi hamarkadakoez baizik. "Orain dela hogei urte, Zarautzen oso zaila izaten zen etxebizitza bat topatzea hamabostaldirako. Gutxienez hilabeterako izaten ziren, baina normalena izaten zen uda osorako alokatzea". Penintsula barrualdeko jendea izaten zen Zarautzera etortzen zena. "Zaragozatik eta Madrildik jende asko etortzen zen; gehienak, familiak". Ez zuen familia guztiak uda osoa Zarautzen pasatzen, orduan ere lanean ari zenak ez zuelako hiru hilabeteko oporraldirik izaten. "Amak eta seme-alabek bai, horiek bi edo hiru hilabete pasatzen zituzten hemen, baina senarra ahal zuenean etortzen zen; asteburuetan eta oporrak zituenean".
Garai hartan, batez ere, etxe agentziak arduratzen ziren herritarren etxebizitzak turistei alokatzeaz, baina etxejabeek bazeukaten aukera Turismo Bulegoan izena emateko ere. "Nahi zutenek izena ematen zuten, eta galdezka etortzen zirenei etxebizitzei buruzko informazioa ere ematen genien, gaur hotelei eta bestelako ostatuei buruzkoa ematen diegun bezala", kontatu du Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendariak. Duela hamazazpi edo hemezortzi urte utzi zioten etxebizitzei buruzko informazioa emateri. "Ez ziren araututako ostatuak, eta guk establezimendu ofizialen inguruko informazioa bakarrik eman genezakeen; horregatik utzi genion". Ahoz ahokoak ere oso ondo funtzionatzen zuela dio. "Oso ohikoa izaten zen, adibidez, Zaragozatik zetorren lagun baten koinatuari etxebizitza alokairuan uztea, eta bitartean etxejabea uda pasatzera amaren etxera joatea".
Gaur egun, aldiz, Interneteko plataformak dira etxebizitza turistikoen erakusleihorik onenak. Airbnb da izarra, merkatuaren %60 ingururekin, baina badira beste plataforma ezagun batzuk ere: Vrbo —Home Away zena—, TripAdvisor, Booking, Wimdu eta abar. Horiei esker, munduko beste puntan bizi direnek ere esku-eskura dituzte Urola Kostako etxe turistikoak. Egonaldiaren iraupenari dagokionez, berriz, askoz ohikoagoa da leku berean bizpahiru gau edo astebete pasatzea, hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldia egitea baino.
Araudi berria
Garai hartan, batez ere, etxe agentziak arduratzen ziren herritarren etxebizitzak turistei alokatzeaz, baina etxejabeek bazeukaten aukera Turismo Bulegoan izena emateko ere. "Nahi zutenek izena ematen zuten, eta galdezka etortzen zirenei etxebizitzei buruzko informazioa ere ematen genien, gaur hotelei eta bestelako ostatuei buruzkoa ematen diegun bezala", kontatu du Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendariak. Duela hamazazpi edo hemezortzi urte utzi zioten etxebizitzei buruzko informazioa emateri. "Ez ziren araututako ostatuak, eta guk establezimendu ofizialen inguruko informazioa bakarrik eman genezakeen; horregatik utzi genion". Ahoz ahokoak ere oso ondo funtzionatzen zuela dio. "Oso ohikoa izaten zen, adibidez, Zaragozatik zetorren lagun baten koinatuari etxebizitza alokairuan uztea, eta bitartean etxejabea uda pasatzera amaren etxera joatea".
Besteren artean, etxebizitza eta logela turistikoen ezaugarriak, ostatu horiek bete beharreko gutxieneko baldintzak, etxejabeek maizterrei eman beharreko gutxieneko zerbitzuak eta bermeak eta etxejabeek bizilagunen eta administrazio publikoaren aurrean dituzten betebeharrak zeintzuk diren esaten du dekretuak. Esate baterako, jarduerari ekiteko ezinbestekoak dituzte etxebizitza kokatuta dagoen herriko udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren baimenak izatea, dokumentu komertzial eta publiko guztietan Jaurlaritzak emandako lizentzia zenbakia erabiltzea, etxebizitzari erabilera turistikoa ematetik ateratzen dituzten diru sarrerak aitortzea, eta etxepeko atean zein etxeko atean erabilera turistikoko etxebizitza dela dioen ikurra jarrita izatea.
Jaurlaritzaren dekretuak zehazten dituen arauez gain, udalerri bakoitzean ezarrita daudenak ere errespetatu behar dituzte. Urola Kostako herri gehienek ez daukate etxe turistikoen inguruko araudi espezifikorik, Getariak salbu. "Gure arau subsidiarioek jasotzen dute ostatu jarduerak etxabeetan eta lehen solairuetan bakarrik egin daitezkeela, edo bestela eraikin osoak izan behar duela horretarako. Beraz, gu horren arabera jokatzen ari gara, eta lehen solairutik gorakoetan etxebizitza turistikoei ateak ixten", adierazi du Haritz Alberdi Getariako alkateak.
Datu dantza
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako turismo enpresa eta establezimenduen erregistroaren arabera, gaur, 277 etxebizitza turistiko daude Urola Kostan, eta, guztira, 1.323 ohe eskaintzen dituzte. Hamar etxetatik bederatzi kostako herrietan —Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia— daude, eta horien erdiak, Zarautzen. Horiez gain, logelak alokatzen dituzten beste 27 etxe ere badaude eskualdean, eta, orotara, 88 ohe eskaintzen dituzte. Horietatik 25, kostako herrietan daude, eta hamabi daude Zarautzen.
Konparazio batera, eta iturri bereko datuak hartuta, gaur, 40 hotel eta pentsio daude Urola Kostan, eta, denera, 1.311 ohe eskaintzen dituzte. Ohe horietatik 400 daude Zarautzen, 214 daude Getarian, 139 daude Orion eta 119 daude Zumaian. Beraz, Orion, Zarautzen eta Zumaian, etxebizitza turistikoetan ohe gehiago dituzte hoteletan baino; aldiz, hoteletan ohe gehiago dituzte Getarian.
Eusko Jaurlaritzaren erregistroan jasotako datuak dira horiek, baina oso litekeena da, berez, hor izena emandakoak baino etxebizitza turistiko gehiago egotea. Datu zehatza jakitea "oso zaila" dela aitortu arren, Zarautzen egindako azken azterketaren emaitzen berri eman du herri horretako Turismo Bulegoko zuzendariak. "Azken arakatzearen arabera, 30-35 etxe inguru egon daitezke erregistratu gabe". Azterketa hori duela urte eta erdi inguru egin zutela zehaztu du, 2019an, eta orduz geroztik ez dutela besterik egin: "Iaz ez genuen egin egoera oso-oso berezia zelako, eta ez dakigu aurten egingo dugun ala ez". Aurretik, ordea, bai, egin izan dituzte arakatze gehiago, eta 2018an egindakoaren emaitzak eman ditu alderaketak egiteko. "2018an, 128 etxe turistiko zeuden herrian, erdiak erregistratu gabe. Beraz, argi ikusten da bilakaera: oraindik ere erregistratu gabeko etxe- bizitzak egon daitezkeen arren, nabarmen gutxitu da kopurua. Jabe gehienek ez dute arriskurik hartu nahi".
INE Espainiako Estatistika Erakundeak ere kaleratu zituen etxebizitza turistikoei buruzko datu batzuk joan den abenduan. Iazko abuztuko datuak ziren, eta 2011. urteko etxebizitzen erroldarekin parekatu zituen. Erakundeak azaldutakoaren arabera, ikertzaileek turistentzako etxebizitzak alokatzeko plataformetako datuak erabili zituzten azterketa egiteko. Interneten "aspaldi" lanean ari diren hiru plataforma aipatu zituen lanaren metodologia azaltzeko orduan, plataforma horien izenik eman gabe. INEk emandako datuen arabera, joan den abuztuan 334 etxe turistiko zeuden Urola Kostan, eta, guztira, 1.645 ohe eskaintzen zituzten. Etxe eta ohe gehien Zarautzen zeudela dio, 148 eta 709, hurrenez hurren. Herriko etxebizitzen erroldarekin alderatuta, ordea, proportzioan, Getarian zeuden etxe turistiko gehien: 42 etxe eta 200 ohe; erroldatutako etxeen %3,22. Zarautzen %1,29 zen portzentajea. Barrualdeko herriei begiratuta, Azkoitiko datuak ematen du atentzioa: 17 etxe turistiko eta 81 ohe ageri dira. Eusko Jaurlaritzaren apirileko datuek, ostera, ez diote horrelakorik: lau etxe eta 22 ohe daude erregistratuta Azkoitian.
Gutxitzera joera
Duela hamar edo hogei urteko erregistro fidagarririk ez egoteak zaildu egiten du konparaketak egitea eta bilakaera zein izan den esatea, baina azken urteetan etxebizitza turistikoen kopuruak murriztera egin duela dio Facchinek. Rafael Agirreren El turismo en el Pais Vasco: vida e historia (Turismoa Euskal Herrian: bizitza eta historia) liburutik ateratako datu batetik abiatuta atera du ondorio hori. "1983an, Zarautzen, etxebizitza turistikoek 1.300 ohe inguru eskaintzen zituzten, eta gaur egun 800 inguru izango dira, askoz gutxiago. Kontuan hartu behar da, gainera, orduan Zarautzek zenbateko biztanleria zuen eta gaur egun zenbatekoa duen. 1983an, 15.000 lagun inguru biziko ziren, eta gaur egun ia 23.400 lagun bizi dira. Hortaz, esan daiteke, duela hogei urte askoz etxebizitza turistiko gehiago zeudela herrian".
Datozen urteetako joera ere hori izango dela uste du Facchinek, etxe turistikoak gutxitzekoa. "Etxejabeentzat askoz ero- soagoa da etxea urte osorako alokatzea. Imajinatu zer den egun baterako edo birako alokatzen ibiltzea; kristoren lana dauka horrek: erreserbak kudeatu, garbiketa egin... Zerbitzu hori hotel batek eman dezake, baina etxebizitzak ez dira hotelak eta etxejabeak ez dira hoteleko langileak, beren bizitza edukiko dute eta gainera hori guztia aurrera eraman behar". Garai batean etxea turistei alokatzeak etxejabeentzat askoz lan gutxiago izaten zuela dio. "Lehen, hilabeterako edo hiru hilabeterako etxea alokatuta, beste lasaitasun bat izaten zuten etxejabeek. Turistak sartu aurretik eta atera ondoren etxea garbitu beharko zuten eta alokairuan zituztenei kasu egin beharko zieten, baina etxea urte guztirako alokatuta izaten denean bezala".
Errentagarritasunari dagokionez, berriz, legeztatzeak etekinak gutxitzea dakarkio etxejabeari, diru sarrerak aitortu eta zergak ordaindu behar dituelako; ezkutuan jarduteak, berriz, isun arriskua. Ezkutuko ekonomia azaleratzeko, etxe turistikoen erregistro eguneratua publiko egin eta iruzurrean ari direnak modu anonimoan salatu ahal izateko postontzi bat jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak 2019ko azaroan. Norbaitek susmoren bat badu, erregistroan kontsulta ditzake legeztatuta dauden etxebizitza turistiko guztien datuak, eta bat etorri ezean, administrazioaren aurrean eta modu anonimoan sala dezake ustez arau hausteren bat gauzatzen ari den etxejabe hori. Postontzia martxan jarri eta lehendabiziko hiru hilabetean, herritarren 267 jakinarazpen jaso zituen Jaurlaritzak: %24, erregistroan izena emanda ez izateagatik; %24, baimendutakoak baino plaza gehiago eskaintzeagatik; %14, ikur ofiziala jarri gabe izateagatik; eta gainontzekoak, asegururik ez izateagatik eta publizitate engainagarria egiteagatik.