Etxebizitza turistikoak

Usteak erdi ustel

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 18a, 09:08

Honako hau Aitziber Arzallus kazetariak Guka gehigarriaren ekaineko etxebizitza turistikoen gaineko erreportajearen harira idatzitako iritzi artikulua da.

Aitortu behar dut ezer ez nekiela etxe turistikoen inguruan, zeharo ezjakina nintzela, sekula ez zidala interesik sortu gaiak. Izan liteke urrutiko kontua egiten zitzaidala, edo gertukoa ez behintzat, nire herrian, Azpeitian, eta nire inguruan, ez baita lagunarteko elkarrizketetan atera ohi den gaia. Entzuna banuen herrian bazegoela horrelako etxeren bat edo beste, eta baneukan Donostiako Parte Zaharreko bizilagunen protesten berri ere, egunkarietan-eta albisteak ikusi izan ditudalako, baina besterik ez.

Erabiltzaile gisa ere, ezin esan esperientzia handirik daukadanik. Oker ez banago, behin alokatu dut etxe turistiko bat, Madrilera asteburu pasa joandako batean. Eta dena esatera, nik nire partea ordaindu eta etxeaz gozatu besterik ez nuen egin.

Zenbaki honetarako erreportajeari heldu nionera arte, hori zen etxe turistikoen inguruan neukan jakinduria guztia: hutsa. Baina, hala ere, ideia bat eraikita neukan buruan, batere oinarririk gabe, noski: azken urteotan asko ugaritu zirela etxe turistikoak. Hori entzutea espero nuen protagonista guztien ahotik, eta hori erakutsiko zidatela datuek ere. Ez dakit zergatik neukan irudipen hori. Izan liteke orain lehen baino gehiago hitz egitea etxe turistikoen inguruan, izan liteke nazkatuta dauden bizilagunek lehen baino zarata handiagoa ateratzea edo izan liteke etxe turistikoen merkatuaren jaun eta jabe egin diren plataforma digitalen etxeko sukalderaino sartzeko duten gaitasuna.

Baina usteak erdia ustel izaten duela esaten da, eta nireak hala zuen. Izan ere, azken urteotan etxe turistikoak gutxitu egin direla ziurtatu zidan Esther Facchin Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendariak, eta bere iritziz, hori izango dela datozen urteetako joera. Ia ezinezkoa da datuekin baieztatzea, oraindik ere ba-direlako ezkutuan alokatzen diren etxeak, geroz eta gutxiago diren arren. Hain zuzen, neurri batean, legeztatzeko betebehar horrexek eragin du etxe turistikoak gutxitzea, zergak ordaintzen dituenak etekin txikiagoa ateratzen baitu. Aldiz, geroz eta zerbitzu hobea exijitzen diete bezeroek, egonaldi oso motzak egiteko aukera eta dena garbi eta distiratsu izatea; bestela, egurra jaso dezakete jaten ematen dieten plataformetan, urrea balio duten iruzkin mingarriekin. Horretara jarri nahi ez dutenek, berriz, beti izango dute etxea epe luzerako alokatzeko au-kera. Eskualdean nolako beharra dagoen ikusita, batek baino gehiagok eskertuko liekete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide