15 minutu inguru iraun du gaurko elkarretaratze isilak, eta Sostenipe Talde Feministako ordezkariek idatzi bat irakurri dute erasoak salatzeko. Abuztuaren 19an, goizaldean, adin txikiko batek eraso sexista pairatu zuela baieztatu zion Ertzaintzak Maxixatzeni. Ertzaintzak zapatuan jaso zuen sexu erasoaren salaketa, eta ikerketak aurrera jarraitzen du oraindik. Gaur bertan, esaterako, zapatuko erasoaren ustezko egilea identifikatu du Ertzaintzak. Irakurketa egin ostean plaza bete duten pertsonek txalo zaparrada luze batekin itxi dute kontzentrazioa. Honako hau adierazi dute Sostenipeko kideek:
«Sostenipe, Azkoitiko mugimendu feministatik jakinarazten dugu hainbat eraso eta bortxaketa egon direla andramaixetan, Azkoitian.
Egoera oso larria da, horrelako erasoak ezin dira onartu. Erasoak jasan dituzten emakumeen ausardia eta salatzeko indarra goraipatu nahi ditugu, hau beti gertatu da baina ez dugu beti hitz egin!
Nazkatuta gaude; erasotu, iraindu, gutxietsi, zapaldu, bortxatu eta erail egiten gaituztelako! Zer egin eta zer ez egin esaten digutelako, nola jantzi, zer pentsatu eta noiz isildu agintzen digutelako! Nazkatuta gaude, erasotzaileak sortzen dituen sistema patriarkalak errotik aldatzea nahi ez duten azaleko neurriekin.
Gaur berriro ere hemen gaude, atzo geunden bezalaxe, atzotik gaurrera ez da ezer aldatu! Sistema berdinak jarraitzen du, indarkeria berdinak, eraso berdinak, azalpen eta aitzakia berdinak. Horrelako gertakari larriak inguruan gertatzean soilik larritzen direnek ahalbidetzen dute denak berdin jarraitzea.
Mugimendu feminista ez da isiltzen, ez gara isiltzen ez gaituzte isilduko! Kaleak hartzen jarraituko dugu, momentu oro erabaikiko dugu zer egin gure bizitzarekin! Gutako bat ukitzera ausartzen diren bakoitzean erantzungo dugu!
Ez beti da ez! Emakumeak saretu behar gara, elkar babestu, indartu, autodefentsa feminista aldarrikatu eta praktikatu!
Guk argi daukagu, begiak irekita eta hortzak zorroztuta ditugu! Ez gaude prest eraso gehiago jasateko!
Gora borroka feminista»