Erretiroa hartu du Joxean Urbieta (Zarautz, 1961) Xirula Mirula musika eskolako irakasleak. Eskolaren ibilbide guztian aritu da irakasle lanetan, eta azken urteotan berak gidatu du zentroa –haren aita Imanol Urbietak Martuteneko trena gidatzen zuen bezain ondo, seguruenik–. Hori dela eta, Donostiako Amara Berriko musika eskola itxi dute. Urbietak adierazi duenez, aitak hutsetik hasitakoari "behar bezalako jarraipena ematen" saiatu dira Xirula Mirularen ama Kontxi Aizarna (Aizarna, Zestoa, 1958) eta biak.
Xirula Mirula, hala ere, musika eskola baino askoz gehiago izan da: besteak beste, metodo bat. Eta horrek ez du erretiroa hartzeko asmorik. Agian, zulotxoan sartu nahi du, sagutxo txikiarekin batera. "Inoiz ez dugu esan Xirula Mirula haurrentzako metodoa denik, haurrekin musika egiteko metodoa baizik; metodo horrek musika eta euskara uztartu izan ditu beti", azaldu du Aizarnak. Metodo horren arrakastaren zergatiaz galdetuta, argi mintzatu da Urbieta: "Hasteko, lehenengoa izan zelako izan du halako arrakasta. Ordura arte, musika ikasteko liburuak gaztelaniaz ziren, eta ez zeuden espreski umeei zuzenduta. Xirula Mirula izan zen umeentzat pentsaturiko eta euskarazko lehenengo metodoa".
Aizarnaren ustetan, berriz, gakoa "materiala umeen momentuko beharretara egokitzean" egon da. "Imanolek bazekien umeen barrua eta begirada irakurtzen. Duela 100 urte jaiotako ume batek, duela 50 urte jaiotako batek, duela 25 urte jaiotako batek eta gaur jaiotako batek behar afektibo berdinak dituztela esaten zuen Imanolek, eta arrazoia zeukan", adierazi du.
Xirula Mirula musika eskola baino askoz gehiago izan da: besteak beste, metodo bat
Xirula Mirularen hastapenak ezagutzeko, Zarauzko Ikastolara jo behar da. Bertan egiten zuen lan Imanol Urbietak. Horren aurretik, ordea, "eskoletan ez zen musikarik egiten". Musikarekin "kultur transmisio" soila egiten zen: "Boga boga, Ikusi mendizaleak, Loretxoa… halako kantuak abesten ziren garai hartan". Aizarnaren esanetan, Imanol Urbieta ikastolan zebilela, musika "hezkuntzako beste behar batzuei erantzuteko" baliabide bezala erabiltzen hasi zen. "Amerikako Estatu Batuetako mendikateak azaldu behar bazituen, hango melodia bat aukeratzen zuen, eta horiek memorizatzeko sistema bat eraikitzen zuen". Horrela sortu zuen Mississipi abestia.
Ikastolako garai haietan, "talde ederra" sortu zuen Imanol Urbietak Joxean Ormazabalekin, Juan Martin Elexpururekin eta Anjel Lertxundi Andu-rekin. Mendi aldetik zetozen artzainek osatzen zuten taldearen parekoa, gutxienez. "Ormazabalek, Elexpuruk eta Anduk bertsoak sortzen zituzten, eta Imanolek musikatu egiten zituen". Modu horretan sortu zituzten, besteak beste, Astoa ikusi nuen eta Txoria nintzela. "Umeentzat pentsatutako lehen kantuak izan ziren haiek", gaineratu du Urbietak. Kantu horiek eta beste hainbat "etxean egindako" lau kasetetan eta liburuxka baten bidez zabaldu ziren Euskal Herri osoan, Haur kantarien birlorak izenburupean. Ikastolaz aldatu nahi zuen asto hark, ikastola ugari ezagutu zituen azkenean.
Zarauzko musika eskolaren garrantzia
Imanol Urbietak Zarauzko Ikastola utzi zuenean, Zarauzko musika eskola sortu zuen. "Herrikobarra kaleko garaje bat utzi zioten Imanoli, dohainik, musika egin zezan. Akademia deitzen zion leku hari, izan ere, musika eskolan musika soilik ikasten da, baina akademian askoz gauza gehiago egiten zituzten", adierazi du Aizarnak. Hantxe sortu zuten Xirula Mirula metodoa. Garai hartan Zarautz "herri euskalduna" bazen ere, inguruko herrietan umeek gaztelaniazko kantak abesten zituzten. Hori horrela, Laboral Kutxak Imanol Urbietari eta Lutxi Manzisidorri deitu zien. "Biak elkartu zituen Laboral Kutxak, eta umeek gazteleraz ez kantatzeko zer egin zitekeen galdetu zieten. Orduan, Imanolek bere karpeta guztia atera zuen. Karpeta hartan, etorkizunean Xirula Mirula liburua izango zena zegoen; 6 urtetik aurrerako haurrentzat", azaldu du Aizarnak. 1979an argitaratu zuten liburu hori. "Gerora" sortu zuten Xixupika –3, 4 eta 5 urteko umeentzako–, "baina lehendabizikoa Xirula Mirula izan zen".
Ondorengo urteetan, "besteentzat" grabazio batzuk egiten jarraitu zuten, baina beti kondizio "eskasetan eta ezegonkorretan". Gela desberdinak "alokatzen" zituzten, baina beti "erlojuari begira" ibili behar izaten zuten. Horrez gain, Hernaniko (Gipuzkoa) hainbat eskoletan ere ibili ziren klaseak ematen. Seguruenik, ranroberran ibili ziren, eskolaz eskola. "Hala ere, aitak beti izan zuen nonbait finkatzeko gogoa", azaldu du Urbietak.

Gauzak horrela, 1983an lokal bat erosi zuten Donostiako Amara Berrin. Argitxo bezala, leize-zuloa utzi, eta hirira joan ziren. "Bertan, grabazio estudio bat eta musika eskola bat jarri genituen. Hasiera batean, dendatxo bat ere ireki genuen, material didaktikoarekin. Baina Imanolekin alferrik zen, dena oparitu egiten baitzuen. Beraz, estudioa eta musika eskola soilik geratu ziren", esan du Aizarnak. Denbora gutxian haur "asko" hasi zen musika eskolara joaten, "garai hartan ez baitzegoen halako ezer". Donostiako hainbat eskolatatik joaten ziren haurrak klaseak jasotzera, "D eredukoak zein B eredukoak". Amara Berriko sistema pedagogikoa "puri-purian" zegoen orduan, eta B ereduko ikasle haiek "euskara hobetzeko helburuarekin" joaten ziren Xirula Mirulara.
Grabazio estudioari dagokionez, berriz, soilik beraien grabaketak egiteko erabili zuten. "Ez genuen kanporako ezer grabatzen, dena guretzat izaten zen. Agian, Kilometroetako abestiren bat grabatzera sartuko zen norbait estudiora, baina ez dugu inoiz alokatu edo halako ezer egin", mintzatu da Urbieta.
Xirula Mirulak, ordea, ikasleak ez ezik, irakasleak ere hezi ditu. "Garai hartan, irakasleek kantuak soilik zeuzkaten, eta musika irakasleak falta ziren. Gure klaseetara etortzen zirenen artean, musikariak bazeuden, baina denetarik etortzen zen", zehaztu du Urbietak. Aizarnaren ustetan, irakasleei klaseak ematea "Imanolen lana zabaltzeko modu bat" izan zen. "Hasieran, ikastaro moduko batzuk ematen hasi ginen. Batetik, musikako irakasleei ematen genizkien klaseak, metodoa ezagutu zezaten. Bestetik, Haur Hezkuntzan espezialistarik egoten ez denez, eta musikako klaseak tutoreek eman behar zituztenez, haiei ere ematen genizkien klaseak. Beraz, gure helburua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleek musikari zioten beldurra kentzea zen. Musika erabiltzen genuen, beste hainbat gauza egiteko. Helburua lortu genuen eta jendeak martxan jarri zuen guk proposatzen genuena", gaineratu du.
Denbora gutxian haur "asko" hasi zen musika eskolara joaten, "garai hartan ez baitzegoen halako ezer"
"8 edo 9 urte nituenean, eskolako musikako saio guztia eserita igarotzen genuen. Guk ez genuen halakorik eskaini nahi, beraz, gurean, ipuinen bat entzuteko soilik egon dira haurrak eserita; gainontzean, dena dinamikoa izan da". Horrela definitu du Urbietak Xirula Mirulako klaseetako joera. Aizarnaren ustetan ere "jolasa da haurrak espresatzeko duen bide naturala". Gauzak horrela, halako jolasak eta dinamikak lantzeko, "klaseetako haur kopuruak ezin zuen handiegia izan". Beraz, haur bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko helburuarekin, ezin izaten zituzten hamabost haur baino gehiagoko taldeak onartu klase bakoitzean. "Gitarra jotzen hasten zirenean, berriz, ezin genituen hamabi haur baino gehiago hartu, ez baitzen lekurik egoten", azaldu du Urbietak. "Nahiago" zuten matrikula "gutxiago" egin, gero pilotaren moduan jirabiran ibili baino.
Kontzeptu asko "ipuinen" bidez irakasten zituzten Xirula Mirulan. Musikako notak azaltzeko, esaterako, Noten iraultza izeneko ipuin bat erabiltzen zuten. Ipuin hori Zarauzko ikasleei kontatzen zieten, "Zarauzko garai hartako testuinguruarekin" baitzeukan zerikusia. "Imanolek esaten zuen ipuin haiek bere esperientziatik sortutakoak zirela. Gero, bakoitzak ideia hartu eta norberaren testuingurura egokitzeko esaten zuen. Alde horretatik, ez zen batere jeloskorra. Ondo iruditzen zitzaion bere materiala bakoitzak bere ingurura egokitzea. Berak altxor handi bat utzi zuen, eta hori benetan ongi irakurtzen dakiena, aldaketa horiek egiteko gai izango da", argitu du Aizarnak.

Musika eskolaren itxiera
Horiek horrela, kilometro ugari oinez, zapatak puskatzen ibili ostean, musika eskola ixteko garaia iritsi da. Urbietak eta Aizarnak onartu dute, hein batean, "lasai" daudela, Xirula Mirulako materiala "zabalduta" baitago. Hala ere, nabarmendu dute oraingo egoera ez dela garai batean imajina zezaketena bezain ona: "Musika eskola ireki genuen garaian, esaten genuen itxieraren eguna ederra izango zela, horrek eskoletan musika ugari egiten dela esan nahiko zuelako. Urte batzuetan musikak ordu jakin batzuk izan ditu umeen ikaskuntzan, baina hori berriz galtzen ari da, eta gaur egun oso musika gutxi egiten da eskoletan". Aizarnaren esanetan, Magisteritza ikasketetan ere ez da erakusten "zer material dagoen umeentzat". "Askok aspaldikoa dela eta zaharkituta dagoela pentsatuko dute, baina material horrek gaurkotasun izugarria dauka oraindik ere, haurren oinarrizko beharrek berdinak izaten jarraitzen baitute", mintzatu da Aizarna.
Urte hauetan guztietan Imanol Urbietak hutsetik hasi zuenari "behar bezalako jarraipena" ematen saiatu dira Aizarna eta Urbieta. "Imanolen lan egiteko estiloa mantentzen saiatu gara Joxean eta biok. Xirula Mirula utzi eta ikastolara itzuli nintzenean, nire gelan kantua eta mugimendua izaten genuen une oro; lan egiteko estilo bat zen, eta kantu bakoitzak helburu pedagogiko bat zeukan", azpimarratu du Aizarnak. Urbietak aitortu duenez, Ikasbide ikastolako irakasle gelaren alboan zegoen gelan ematen zuen klasea. Irakasleek izugarri bilera "politak" egiten zituztela esaten zioten; bilera horiek ere, alfabetoaren antzera, musikaz beteta egoten zirelako.
Omenaldi biribila
Testuinguru horretan, "aitortza" bikaina egin dio Itziar Perez de Ziriza musika pedagogoak (Atarrabia, Nafarroa, 1985) Imanol Urbietari. Sei urteko lanaren ondoren, Perez de Zirizak musikariari buruzko tesia aurkeztu zuen ekainean. "Izugarrizko lana egin du Itziarrek kantu guztiak biltzen eta sailkatzen. Tesia oso polita da, eta ederra da zein ondoriotara iritsi den ikustea", adierazi du Aizarnak. Aitortu du garai batean "saiatzen" zela Imanol Urbietak egindakoa ordenatzen eta sailkatzen, baina, askotan, musikariak berak karpeta horiek ireki eta dokumentuak nahasten zizkiola. "Hori jada ezin nuen kontrolatu". Perez de Zirizaren lanagatik galdetuta, honakoa erantzun du Aizarnak: "Imanolek ez du Itziar ezagutzerik izan, baina Itziarrek ederki ezagutu du Imanol".
2019. urtean Zarauzko Udalak Imanol Urbieta Beka sortu zuen. Bekaren egitekoa Imanol Urbietaren kantutegia sailkatzea zen. "Beka ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan. Ez zuen informazio gehiegi ematen, baina Imanol Urbieta izan da nire txikitako musika banda, eta bekak zerbait berezia zuela nabaritu nuen. Itxaropen gutxirekin eman nuen izena, baina pandemiaren ondoren baiezkoa eman zidaten, eta sei hilabetez aritu nintzen Urbietaren kantutegia aztertzen", azaldu du Perez de Zirizak. Beka horren oinarria ezagutzeko, ordea, 2016. urtera jo behar da. Orduan zendu zen Imanol Urbieta, eta etxean milaka partitura eta liburuxka utzi zituen. Kontxi Aizarnak bi kutxatan sartu zuen material hura guztia, eta Zarauzko Udalari eman zion. Material horrekin zer egin zezaketen pentsatzen ibili ostean, hori guztia aztertzeko sei hilabeteko beka bat sortzea erabaki zuten.
"Partiturak eta kantuak aztertzen hasi nintzenean, hainbat ezagutzen nituen, kopiak eta kantu ezagunak baitziren. Beste hainbat, ordea, ez nituen inondik inora ere ezagutzen. Konturatu nintzen lan ugari zegoela hor egiteko, eta sei hilabeteko beka hori oso laburra egingo zitzaidala". Sei hilabete horiek igaro ziren, eta Perez de Zirizaren ustetan, "lan hark ezin zuen horrela gelditu". Unibertsitateari tesia luzatzeko eskaera egin zion, eta baiezkoa jaso zuen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikotik. Horrela, sei hilabete horiez gain, beste bost urte eman ditu Imanol Urbietaren kantutegia aztertzen eta sailkatzen.
Ikerketari dagokionez, hiru atal nagusitan banatu daiteke Perez de Zirizaren tesia. Batetik, Imanol Urbietaren biografia musikala osatu du. "Ez dut sakondu bere bizitza pertsonalean, baina musikari dagokionez zer egin duen eta non ibili den aztertu dut gehienbat". Bestetik, musikariaren pentsamendu pedagogikoa aztertu du. "Horretarako, bere liburuen analisia egin dut, bere pentsamendu pedagogikoaren inguruko xehetasun ugari idazten baitzuen haietan". Azkenik, Imanol Urbietaren kantutegiaren katalogazio sistematikoa osatu du. "Atal horretan Imanolen kantu guztiak, argitaratuak eta argitaratu gabeak, irizpide desberdinen arabera sailkatu ditut".
Argitaratu gabeko 1.700 lan
Ikerketa lanari esker, datu esanguratsu ugari bildu ditu Perez de Zirizak. Besteak beste, jakin du Imanol Urbietak 4.200 kantu inguru sortu zituela, eta horietatik 1.700 argitaratu gabe daudela. "Tesia aurkeztu nuenean, epaimahaikoak txundituta geratu ziren Imanolek bere bizitza guztian zehar egin zuen lanarekin", aitortu du Perez de Zirizak. Atarrabiarrak aitortu du ez zuela imajinatzen argitaratu gabeko "hainbeste" lan zegoenik. "Partiturak ikusten hasi nintzenean, argitaratu gabe zegoen kanturen bat aurkitzea zen nire desioa eta, azkenean, 1.700 aurkitu ditut". Urbietak kontatu duenez, askotan jada "sortuta zeuden kantuak" konposatzen zituen haren aitak, berriak zirelakoan. Agian, bere sorkuntza horietako batean, Jon Braunek txoria zela sinetsiko zuen, uztaia lurretik zerura altxatzen zuen bitartean. Guztiz normala, hainbeste kanturen artean.
"Harrigarria da Imanolek sortutako kantu kopurua. 4.200 kantu azkar esaten da, baina konposatu egin behar dira", adierazi du Perez de Zirizak. Horrez gain, "bere kantuetan jorratzen dituen gai kopuruak" ere harritu du. Kantu bakoitzaren gaia zein den ere aztertu du atarrabiarrak, eta bakoitzaren analisi "txiki" bat ere egin du. "Eguneroko gai guztiak jorratzen dituzte bere kantuek, eta hor konturatu nintzen Imanol zeinen erne zegoen bere ingurura".
Perez de Zirizak tesitik atera duen ondorio nagusia da "Imanol oso pedagogo berritzailea" izan zela. "Gaur egunean unibertsitatean ikasten diren pedagogo sortzaileen ideiak Imanolek argi ikusi zituen aspaldi". Horrez gain, herriarekiko "konpromiso handia" zuela aitortu du, eta bere bizitzak hiru "ardatz" zituela: "euskara, musika eta haurrak".


Lan guztia, sarera
Perez de Zirizaren ustetan, aztertu eta sailkatu duen material horrek guztiak erabilgarritasun "handia" dauka. Batetik, tesiak, "dokumentu bezala", ikerkuntzarako balio dezakeela uste du. Hala ere, tesitik ateratako "beste proiektuak" du balio handiena bere iritziz: material guztia webgune batera eramatea. "Abesti horien guztien katalogazioa webgune batera igo nahi dugu. Abestiak behin webgunean daudenean, edonork izango du horiek bilatzeko, entzuteko, hitzak ikusteko eta partitura ikasteko aukera. Hitz gakoen bidez, abestiak aurkitzeko aukera ere egongo da. Imanolek herriarentzat egindako lana deskatalogatuta egotea tristea da, eta edonoren eskura jartzea ederra dela iruditzen zait". Gainera, hil honetan [irailean] bete dira hamar urte Imanol Urbieta zendu zela, eta urteurren horrek musika eskolaren itxierarekin egin du bat. Aizarnaren ustetan, webgunea "omenaldi polita" izan daiteke Imanol Urbietarentzat.
Beraz, Xirula Mirula garai batean izan zen txiki-txiki-txikia ere. Handitzen, handitzen joan da, txikia izanik. Guk, berriz, izan ditugu bi begi [hori] ikusteko; baita bi belarri entzuteko ere. Ikusi dugu nola hasi den handitzen, handitzen, txikia izanik. Badaukagu burua pentsatzeko eta, noski, baita bihotza maitatzeko ere. Eta, nola ez, asko maite dugu, guk, Xirula Mirula.
Itziar Perez de Ziriza. (Lorea Berasategi)
Goian, Imanol Urbietak konposatutako kantu batzuen partiturak. (Utzitakoak)