Erreportajeak

Euskarako zeroen afera: haserrea eragin duen auzia

Maialen Etxaniz 2026ko uztailaren 10a

Selektibitateko Euskarako zeroen aferak hautsak harrotu ditu. Ikasleentzat "bidegabea" da gertatutakoa, irakasleek "haserretik" bizi dute auzia eta UEMAk "kezkaz"ikusi du jazotakoa. Urola Kostako hainbat ikasle eta irakasleren hausnarketak jaso ditu Gukak, baita UEMAko ordezkariena eta zuzentzaile aritu zen irakasle batena ere.

Ekaineko azken egunetan lehertu zen selektibitateko Euskara azterketen bueltako auzia. Gaia hizpide izan da Euskal Herri osoko kaleetan, tabernetan eta heziguneetan; zeresana sortu du Interneten, eta haserrea euskalgintzan. Baina nola hasi zen guztia? Harrabotsa sortu zuten Unibertsitatera Sartzeko Probetan (USaP) dozenaka ikaslek Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketan ateratako emaitza eskasek. Askok zero eta bi puntu arteko emaitzak lortu zituzten, eta horietako hainbat A ereduko ikasleak ziren. Protestak egin zituzten ikasleok hiriburuetan, eta oihartzun mediatiko handia izan zuten; alde batetik, zuzentzaileen lana zalantzan jarri zutelako, eta, bestetik, hedabideetan hitz egiterakoan erakutsitako euskara maila eskasagatik. Ikasle horietako batzuen gurasoek auzitara jo zuten, Euskaran lortutako emaitzak kontuan ez hartzeko eskatzeko. Gerora jakin da auzia lehertarazi duen albistea: epaitegiak errekurtsoa jarri duten ikasleen alde atera dira behin-behinean, eta onartu egin dute haien Euskarako notak behin-behinean baliogabetzea. Salaketa jarri dutenen helburua da aurrematrikula nahi duten graduan eta unibertsitatean egitea, Euskarako notak kalifikazio orokorrean eraginik izan gabe, auzitegiek auziari buruzko behin betiko ebazpena eman arte.

Erabaki horrek hautsak harrotu ditu, eta asko izan dira gaiaz iritzia eman dutenak. EHUk lehen unetik gezurtatu du zuzenketa prozesuan arbitrariotasuna egon denik, eta azterketak erabat anonimoak direla azpimarratu du –epaitegietara jo dutenek zalantzan jarri dute norbanakoen eta heziguneen anonimotasuna–. Era berean, sarbide probako ikasgai guztietako emaitzak aletu ditu EHUk, eta nabarmendu Euskarakoak "normaltasun estatistiko baten barruan" daudela. Halaber, unibertsitateak jakinarazi du aurtengo selektibitatean Fisikan Euskaran baino zero gehiago egon direla eta ikasgai guztietako batez besteko notek egin dutela behera. Euskalgintzaren Kontseiluak, bere aldetik, azken asteotan jazotakoa "unibertsitatera hedatutako euskararen kontrako oldarraldia" dela salatu du, eta mobilizazio jendetsuak egin ditu "euskararentzat justizia" aldarrikatzeko.

Euskarako azterketen kasuak Urola Kostako ikasleei, irakasleei eta gurasoei ere eragin die, eta horietako batzuen hausnarketak bildu ditu Gukak. Orokortua da aferak sortutako haserrea eta kezka.

Ikasleentzat, bidegabea

Batxilergoko bigarren maila amaitu berri dute Jare Urubia azpeitiarrak, Uxue Garces eta Adei Urbitarte zarauztarrek nahiz Orioko Mireia Torresek, eta 2026ko USaPen lehen deialdia egin dute. Bakoitzak bere erara bizi du zeroen auzia, baina denentzat "bidegabea bezain lotsagarria" da gertatutakoa. Garcesek sistema jarri du jopuntuan, eta adierazi haren errua dela zeroen afera: "Begien bistakoa izan da errekurtsoa jarri duten ikasleen euskara maila eskasa, eta, beraz, nota kaskarra ateratzea normala iruditzen zait. Kontua da sistema ere badela emaitzen erantzulea, berak baimentzen baitu A eta D ereduen esistentzia". Hala ere, ikasleek "merezitako zeroa" jaso dutela uste du zarauztarrak.

"Onartezina da Euskaran zero atera duten ikasleen nota kontuan ez hartzea"

Urubia Izarraizpe ikastolako ikaslea da, eta hark ere irakurketa zorrotza egin du: "Ikasleok sekula ez ditugu baliabide berdinak izango selektibitatearen prestakuntzarako eta beti sortzen da lehia testuinguru bat sarrera proben bueltan. Zeroen auzi honekin, ordea, nabarmen gelditu da zer garrantzi gutxi duen euskarak zenbaitentzat, eta horrek are leku eskasagoan, bigarren edo hirugarren mailan, lagatzen ditu euskara eta euskaldunak". Haserretik mintzatu da Torres oriotarra: "Oso injustua da gertatzen ari dena, salaketa jarri dutenen noten baliogabetzeak guri ere eragiten baitigu zuzen-zuzenean. Niri ez balizkidate ateratako nota eskasak kontuan hartuko, batez besteko nota hobea izango nukeen, eta nahi dudana ikasteko aukera gehiago. Era berean, auzi honekin euskara kaltetzen dute, balio guztia kentzen baitiote guretzat oinarrizkoa den lehen hizkuntzari". Urbitarte zarauztarrak aitortu du "harrituta" gelditu zela Euskarako azterketan hainbeste zero zeudela jakitean: "Guretzako azterketa oso erraza izan zenez, harriduraz hartu genuen zeroen auzia. Kexatu zirenak hedabideetan agertu zirenean ulertu genuen dena, haien euskara maila lotsagarria baitzen. Hala ere, iruditzen zait arazoa ez dela haiena bakarrik. Sisteman dago arazoa, ez duelako bermatzen ikasleen gutxieneko euskara maila". Epaileen erabakiaren kontra agertu dira denak, "aurrekari arriskutsua" jar dezakeela iritzita; alde batetik, zuzentzaileen lana zalantzan jarri duelako, eta, bestetik, epaileek esku hartu dutelako unibertsitateko sarbide prozeduran, ikasle batzuen alde lerratuta. 

Irakasleen ahotsak

Euskara irakasleak dira Aitor Aranburu eta Julen Carrizo azpeitiarrak eta Ekiñe Saizar oriotarra. Ikasleekin ez ezik, irakasleen artean ere hitz egin dute auziaz, eta hausnarketa desberdinekin bada ere, bat datoz ondorioetan: euskara eta ikasle euskaldunak dira kaltetuenak.

"Euskararen aurkako oldarraldian gaude, eta auzi hau ere horrela bizi dugu"

Aranburu ez da USaP ereduaren aldekoa, desberdintasunetan oinarritzen den eredua dela irizten baitio. Hori dela eta, uste du kasu honek are argiago utzi dituela ikasleen arteko desberdintasunak, "berdintasunaren izenean": "Ikusi da ez dutela berdin balio zenbait gurasoren hitzak eta besteenak, ez dutela berdin balio hizkuntza batek edo besteak", dio. Saizarrek "euskararen oldarraldiaren barruan" kokatu du afera, eta "pena" ematen dio jende baten euskalduntze maila eskasak: "Gure hezkuntza komunitatean harro gaude gure ikasleen euskalduntasuna bermatuta dugulako eta maila ona dutelako; finean, horretarako egiten dugu lan. Tristea da leku guztietan hori horrela ez izatea oraindik".

Hezkuntza Legeaz kexu

UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak "kezkaz" begiratzen dio auziari, eta euskararen kontrako oldarraldiaren barruan kokatzen du selektibitatean gertatutakoa, Miren Segurola mankomunitatearen koordinatzaileak adierazi duenez.

"Beste aldera begiratuta, euskalduntzen ez duten ereduak mantendu dituzte"

Hezkuntza Legeari erreparatu diote, eta kritiko agertu dira sistemarekin: "Agerian gelditu dira hezkuntza sistemaren gabeziak, eta ikusi da eredu guztiek ez dituztela gazteak euskalduntzen. Duela gutxi izan da Hezkuntza Legea aldatzeko parada, baina beste aldera begiratuta, mantendu egin dituzte euskalduntzen ez duten ereduak. Pena da". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide