Mikrobiota

"Burua ondo edukitzeko, hesteak ere hala izan behar dira"

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 30a

Bizitzan sekula ez zen nutrizionista batengana joan, baina bizitzako egoera batean, laguntza behar zuela sentitu zuen 70 urteren bueltan dituen eskualdeko emakume batek. Bere esperientzia azaldu du ekaineko Guka erreportajerako.

Zure bizitzako egoera batean, nutrizionista batengana jotzea erabaki zenuen. Zergatik?

Senarra hil zitzaidan bat-batean, eta erabat aldatu zen orduan nire bizitza. Blokeo egoera moduko batean sartu nintzen. Duela hiru urte gertatu zen hori. Hiru urtean, ez dut negarrik egin, eta ez dut senarraz oroitzea lortzen. Nire elikadura ohiturak ere orduan aldatu ziren. Hiru urtean, gauza bera jan nuen egunero: letxuga, patata egosia eta tomatea. Bai eguerdian eta bai iluntzean, hiru urtean. Beti ondo libratu izan naiz, baina iazko azaroan, beherakoa egin eta egin hasi nintzen. Egunean, zazpi-hamar aldiz joaten nintzen komunera, agian. 

Zer egin zenuen orduan?

Medikuarenera joan nintzen, eta zenbait gauza eman zizkidaten, baina beherakoarekin jarraitzen nuen. Hesteetan zerbait ote nuen begiratzeko probak ere egin zizkidaten, eta ez zuten ezer aurkitu. Orduan, nutrizionista batengana joatea aholkatu zidaten, eta halaxe egin nuen. Sekula ez nintzen nutrizionista batengana joan, ezta psikologoarenera ere, eta orain espezialista guztiak probatu ditut. Psikiatrak ere egiten dit jarraipena. 

Zertan aldatu dituzu elikadura ohiturak?

Abenduan hasi nintzen nutrizionistarenera joaten, eta hark esan zidan hesteetan hantura nuela eta nire gorputzak janaria ez zuela onartzen. Elikadura aldatzeaz gain, gehigarriak hartzen ere hasi nintzen. Eta hilabete pasatzerako moztu zitzaidan beherakoa. Orain, denetarik jaten dut: boniatoa, brokolia, azenarioa, kalabazina... Gaur barazki horiek jan ditut makarroiekin. Proteinak ere jaten ditut, eta pixkanaka, lekaleak jaten ere hasi naiz. Lehen jaten nuenaren aldean, askoz ere aniztasun handiagoa dago orain nire elikagaietan. Ikusi dut letxugatik, patatatik eta tomatetik harago, jaki asko daudela. Gainera, barazki batzuk jateko ohiturarik ez nuen, eta ikaragarri gustatu zaizkit. 

70 urte beteak dituzula, berriro ikasi behar izan duzu jaten?

Bai, hala da. Lehen, ez nuen pentsatzen egunero gauza bera janda gorputzari kalte egiten ari nintzenik. Konturatzen nintzen ezer gutxi janda ere gizendu egiten nintzela, eta esaten zidaten hori gaizki jateagatik zela. Baina nik pentsatzen nuen tomatea, letxuga eta patata jatea ezin zela txarra izan. Orain, denei esaten diet nutrizionistarengana etortzen naizela eta hark sendatu nauela. Lau hilabete igaro dira, eta askoz hobeto nago orain. 

Zure ustez, elikadurarekin digestioak hobetzea baino haratagoko osasun hobekuntzak lortu al daitezke?

Bai. Elikadura aldatu dudanetik, ez da nire digestio aparatua bakarrik hobetu, nire bizimodua ere asko hobetu da. Digestioa hobetu zait, eta animoz ere hobeto nago; izan ere, lehen beti komunera joateko beldurrez egoten nintzen. Gauean bi edo hiru aldiz jaikitzen nintzen komunera joateko, kafetegira joan eta estutasunean komunera joan behar izaten nuen... Horrela hogei bat egun emango nituen hori moztea lortu genuenera arte. Ez nuen jakiten zer jan, eta lagunekin irteteko gogo handirik ere ez nuen. Orain, segurtasuna irabazi dut, eta askoz hobeto bizi naiz. 

Pertsona bat osasuntsu egoteko, garrantzitsua al da haren hesteak egoera onean egotea?

Oso garrantzitsua. Baita ondo jaten ikastea ere. Burua ondo edukitzeko, hesteak ere hala izan behar dira. Burua lantzea bakarrik ez da nahikoa; dena batera landu behar da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide