Pello Reparazen Zetak musika taldeak sortu du 24. Korrikaren kanta, Xiberutikan mendebaldera izenekoa. Gaur aurkeztu dituzte pieza eta haren bideoklipa Agoitzen (Nafarroa), eta han izan dira, besteak beste, Pello Reparaz kantaren egilea eta Ane Elordi Korrikaren arduraduna.
Reparazek ondu ditu kantaren musika eta letra, eta bideokliparen zuzendaritzaz ere hura arduratu da. Gainera, abestiaren grabaketan parte hartu dute Erramun Martikorenak eta Maixux Zugarramurdik ere. Bideoklipa, berriz, plano sekuentzia bat da, eta hainbat dantzarik parte hartu dute grabaketan.
Elordik azaldu duenez, aurten, lehen aldiz, AEK-ren komunitate osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori eman kanta egiteko ardura. "Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta", esan du. Reparazek, berriz, Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko "erantzukizun eta poz handienetakoa" dela esan du: "Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da".
Halaber, hark 24. Korrikaren leloa ere izan du hizpide. Euskara gara da 2026ko edizioaren leloa, eta horrek duen "pisu handiaz" aritu da. "Ez gara hizkuntzaz soilik ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara", adierazi du.
AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmoaren 24. edizioa martxoaren 19an hasiko da Atharratzen (Zuberoa), eta hil horren 29an bukatuko da Bilbon.