Martxoaren 19an Atharratzen hasi eta hil horren 29an Bilbon bukatuko da 24. Korrika

Julene Frantzesena-Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 13a

Gaur Gasteizen egin duten aurkezpeneko irudia. (Alea)

AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmoaren 24. aldia izango da datorrena. Euskara gara izango da datorren urteko Korrikaren leloa, eta Errigora egitasmoa, berriz, omendua. Gaur aurkeztu dute 24. Korrika, Gasteizen.

Datorren urteko martxoan izango da 24. Korrika. Zuberoan, Atharratzen, hasiko da AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmoa martxoaren 19an, eta Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, bukatuko da hil horren 29an, 2.500 kilometro egin ondoren.

Gaur egin dute Korrikaren hurrengo aldiaren aurkezpena, Gasteizen, eta datak nahiz hasiera-bukaera tokiak jakinarazteaz gain, leloa zein izango den ere eman dute argitara: Euskara gara leloa izango du 24. Korrikak. Ibilbide guztiaren berri, berriz, aurrerago emango du Korrikaren antolakuntzak.

Korrika, euskararen aterpe

Lehendabiziko aldiz aurkeztu dute Korrika Araban, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, hain zuzen. Aurtengo Korrikako leloaren harira, hizlariek ekitaldian zehar errepikatu dute Korrika beti aurrera doala, eta ez dutela "hizkuntza eskubideetan atzerapausorik" onartuko.

Halaber, "euskara euskaldunen aterpe" dela azpimarratu dute AEKren nazio kontseiluko Maialen Begiristain eta Lurdes Etxezarretak, baita esan dute denentzat lekua dagoela aterpe horretan. Iaz egindako Korrika "inoizko erraldoiena eta anbiziotsuena" izan zela gogoratu dute, eta datorren urtekoarekin "herria nolakoa" izatea nahi den erabakiko dela ere azpimarratu dute. Horri lotuta, Korrikan herritar denentzako lekua dagoela eta euskaran mundu oso bat sartzen dela adierazi dute. 

Nazio kontzeiluko kideen arabera, "presa" ere badago. "Presa dago helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer gerorako utzi; orain da unea", azaldu dute; izan ere, euskara "larrialdi linguistikoan" dagoela gogorarazi dute. Horren aurrean, ziklo berri bat abiatzeko beharra dagoelaere aldarrikatu dute.

Ane Elordi Korrikaren arduradunak, berriz, 24. Korrikaren leloaren inguruan jardun du hizketan aurkezpenean. Haren iritziz, euskarak herritar denak bil ditzake bere baitan: "Euskara ez da muga bat, euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da".

Korrikaren berri modu zuzenean jaso ahal izateko aplikazio bat sortu dutela ere jakinarazi dute gaurko ekitaldian, baita Euskal Herriko hiriburuetan Korrikaren dendak zabaldu dituztela adierazi ere –online dendak ere bai Interneten–. Horietan peto berriak, arropa eta osagarriak erosi ahal izango dira.

Omenaldia Errigorari

Errigora egitasmoa izango da datorren urteko Korrikaren omendua, "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra". Korrikaren antolakuntzak egitasmoari babesa agertu eta aurrera jarraitzeko bultzada eman nahi diola esan du. "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskaduntzean egin duen ahalegina aintzatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere", azaldu dute aurkezpenean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide