Bada zer ikusi, entzun, dastatu, ukitu eta usaindu. Bost zentzumenak oinarri hartuta, saio berri bat jarriko du martxan GUKAk: Bada zer.
Saio bakoitzak bi protagonista izango ditu, bi elkarrizketatu, eta zentzumen bat izango da elkar lotzen dituena. Beraz, ikusmena, dastamena, entzumena, ukimena edo usaimena izango dira saio bakoitzaren abiapuntua, baina saio bakoitzean modu desberdinean landuko dira horiek.
Bi astean behin, ostegunez, Bada zer erreportaje sortako pieza bana argitaratuko du GUKAk, eta ikusgai izango da tokiko webguneetan nahiz Guka telebistan.
Lehen saioan, koloreak
Aurreneko saioa ostegun honetan argitaratuko da, eta koloreak izango dira saioaren abiapuntua. Hain zuzen, Maider Leturiaga zarauztarra eta Josu Badiola azpeitiarra izango dira protagonistak. Leturiagarentzat, lanerako ezinbesteko tresna dira koloreak. Badiola, berriz, daltonikoa da.
Hurrengo saioetan, besteak beste, ahotsa eta dastamena izango dira erreportajeen abiapuntuak. Eskualdeko herri guztietako norbanakoak izango dira Bada zer saioko protagonistak.