Kilometroak 2024

Kilometroen egunerako azken xehetasun eta argibideak jakinarazi dituzte

Nerea Uranga - Maialen Etxaniz 2024ko urr. 2a, 12:40

Kilometroetarako atzera kontaketa hasi da, eta Ikasberriko kideak gogotsu daude iganderako. Dagoeneko jakinarazi dituzte egunera begirako xehetasunak. Herrian ibilgailuen trafikoa ez dute erabat etengo. Aparkalekuetan eta bidegurutzeetan lanean daudenen argibideei kasu egiteko eskatu dute

Igandean ospatuko dute Kilometroak 2024 festa egun handia Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta. Dagoeneko, lantalde guztietakoak buru-belarri egunerako xehetasunak borobiltzen eta jakinarazten ari dira. Loiola auzoaren eta herriko plazaren artean egingo dute festa, eta tarte horretan lau gune prestatuko dituzte, bakoitza bere egitarauarekin. Guneen artean kale animazioa ere izango da.

Festa eguna ondo joan dadin, hainbat ohar eman dituzte Kilometroen antolatzaileek. Honakoak dira horiek:

Trafikoa

Kilometroen egunean trafikoa ez dute erabat etengo herrian. Loiola auzoaren eta Alde Zaharraren artean, guztiz itxiko dutena Ikasberriko biribilgunetik Alde Zaharrera arteko errepidea izango da: Loiolako Inazio etorbidea eta Arana kalea. Ondorioz, trafikoa Ikasberriko biribilgunetik Sanjuandegi auzo aldera bideratuko dute. Arana kalearen eta Santutxo auzoaren arteko eremuetatik irteteko arazorik ez dute izango autoek, baina sarbidea mugatuta izango dute festak iraun bitartean.

Ibilgailuen joan-etorria murriztuko duten beste gunea Sanjuandegiko biribilgunetik herrigunera artekoa izango da. "Jende asko bilduko den eremuetan ibilgailuen joan-etorria ahalik eta gehien murriztea da gure asmoa, jendearen erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko", azaldu du Kilometroetako trafikoaren antolaketa taldearen arduradunak.

Loiolatxo elkartearen aurreko bidegurutzea ere itxita egongo da autoentzako, baita Gogartetxetik beherako Loiolako sarrera ere. Loiolara lanera joango direnentzako-eta santutegiaren komun publikoen aldeko aparkalekua gordeko dute. 

Lurraldebuseko autobus zerbitzuen Azpeitiko geltoki denak martxan izango dira Kilometroen egunean, eta garraio publikoan bertaratzen direnek herri barruraino sartzeko aukera izango dute.

Trafikoaz arduratzen ari diren Kilometroetako lantaldekoek adierazi dute bidegurutzeak, sarbideak eta irteerak zaintzen udaltzainak nahiz boluntarioak egongo direla, eta "haiei kasu egiteko" eskatu dute.

Garraio publikoa

Kilometroetara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebusen zerbitzuak indartuko dituela Kilometroen egunean; zerbitzu horiek erabiltzera animatu dute jendea. Honako zerbitzuak indartuko dituztela jakinarazi du Azahara Dominguez diputatuak: UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz), UK05 (Zestoa-Ermua) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga). Autobusak bete orduko beste ibilgailu batzuk edukiko dituzte zerbitzua emateko prest.

"Jende asko biltzen duten beste ekitaldi batzuekin egiten ari garen bezala, Kilometroen egunean Lurraldebusen zerbitzuak indartuko ditugu, nahi duten gipuzkoar guztiek Azpeitira garraio publikoan joateko aukera izan dezaten. Herritarren beharrei erantzuten dien zerbitzu jasangarria, erosoa, segurua, irisgarria eta kalitatezkoa eskaintzeko lan egiten dugu egunero. Era horretan, inork ez du ibilgailu pribatu bat izan beharrik joan-etorriak egiteko", adierazi du diputatuak.

Aparkalekuak

Iganderako autobusentzako eta autoentzako zazpi aparkaleku prestatu dituzte, eta trafikoa bideratzeko, argibideak emateko nahiz aparkalekuak zaintzeko boluntario talde handia antolatu dute. Autoak aparkatzeko orduan boluntario horien jarraibideak segitzeko eskatu diete herritarrei Kilometroen antolatzaileek. Aparkalekuak honako tokietan prestatuko dituzte: Azpeitian, Landetako industrialdean, eta Azkoitian, Munategiko Basarteko industrialdean eta Txerloian. Herriz herri antolatutako autobusek Azpeititik Azkoitira artean dagoen autoeskolan utziko dute jendea, eta, gero, Oñartxorako eta Urrategirako bidegurutzean (Lidl) aparkatuko dituzte.

Bestalde, Kilometroetara bezperatik joan eta ibilgailuan lo egiteko plana egin nahi dutenentzat, autokarabanentzako guneak prestatuko dituzte Goenan eta Oñatz auzoan.

Jantokia

Kilometroen egunean jan-edanerako era askotako postuak izango dira guneetan: otartekoenak, taloenak, izozkienak... Horiez gainera, 600 pertsonarentzako jangela prestatuko dute Ikasberri ikastolan; 13:00etatik 16:00etara izango da zabalik. Paella eta haragi-bolekin osatutako menua egongo da haurrentzat eta helduentzat. Begetarianoentzat eta zeliakoentzat ere aukera eskainiko dute: entsalada eta paella begetalarekin osatuko dute menua. 20 euro ordaindu beharko da helduen menua, eta 10 euro umeena. Jangelarako txartelak eros daitezke kilometroak.eus/denda/line-denda webgunean; ostiralera arte erosi ahalko dira Internetez, eta egunean txartelak erosteko postuetan egongo dira. 

Kilometroen eguneko egitaraua:

1. Gunea- Herriko plaza: herria.

- 10:00-13:00. Erronka.
- 11:00-11:30. Bertsolariak.
- 11:30-13:00. Herri kirolak.
- 13:00-14:00. Muxikoak dantza plaza.
- 13:30-14:30. Erronka.
- 14:30-15:30. Erromeria: Imuntzo eta Beloki.
- 16:00-17:30. Kontzertua: La Basu

  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia.

2. Gunea - Esklabak: euskara.

- 11:00-12:00. Izpiz izpi jolasean: karaokea.
- 12:30-13:30. Iagomago eta Julen magoa.
- 13:30-14:30. Skate erakustaldia.
- 14:30-15:30. Kontzertua: Deñe.
- 15:30-17:00. Go!azen.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Euskaltel bizikleta zirkuitua eta puzgarriak: Laboral Kutxa, Reala txokoa.

3. Gunea - Ikastola: euskara.

- 10:00-11:00. Irekiera ekitaldia.
- 11:00-11:30. Kontzertua: Skapaie.
- 12:00-13:00 Antzerkia: Troia kale antzerkia.
- 13:00-14:00 Kontzertua: Leherkaitz.
- 14:30-15:30 Kontzertua: Ukabil.
- 16:30-17:30 Kontzertua: Tapia eta Leturia.
- 18:00-19:00 Kontzertua: Janus Lester.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldea. Eitb: Makusi, Eroski elikadura tailerra.
  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia.

4. Gunea - Loiola: aniztasuna.

- Goizean zehar: yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldiak.
- 11:00-13:00. Erronka.
- 12:30-13:30. Kontzertua: Ro.
- 14:00-14:45. Kontzertua: Eraldatzen.
- 15:00-16:00. Kontzertua: Trini Fox.
- 16:30-17:30. Kontzertua: Urtz.

  • Beste ekintzak egunean zehar: artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira.

Egunean zehar kale animazioa: Sahatsadantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi euskal kultur elkartea, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, Batukada eta UK03 txaranga. 

Oharra: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldaeren ekintzarako aurrez izena eman behar da kilometroak.eus webgunean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide