Abuztua hastearekin batera, Guka Telebistak udako saio berria estreinatu zuen abuztu hasieran: Gure Mazedonia. Ostegunero 21:45ean hasita, Mireia Galarza Bastida kazetariak Urola Kostako herririk handienak bisitatuko ditu uda garaiko gaiak lantzeko asmoz. Gainera, ondo lagunduta arituko da aurkezlea saio berrian, Julene Sorarrain eta Ian Ruiz Lizaso izango baititu bidelagun.
Zarauzko saioa eskaini zuen Gukak atzo. Galarza aurkezleak hondartzan bertan elkarrizketatu du Ainara Aymat herriko surflaria. Kuttuna du itsasoa Aymatek, baina baita mendia ere, eta bi leku horietan igarotzen du denbora librea. Kirol ibilbideaz eta kirolak eman dionaz aritu zen Galarzarekin hizketan.
Orioko, Azkoitiko eta Zarauzko saioak estreinatu ondoren, abuztuaren 23an eskainiko du Guka Telebistak Azpeitikoa, eta azken saioa, hilaren 30ekoa, Zumaiakoa izango da. Guka Telebistak ostegunero emango ditu saioak telebistan, eta ostiraletan jarriko ditu ikusgai Guka webguneetan. Ez galdu!