Saretzen

"Oso gutxik abandonatzen dute txakurra"

Aitziber Arzallus 2024ko eka. 18a, 07:59

Kalean azaldutako dozenaka txakur artatu behar izaten dituzte udaltzainek, baina, gehien-gehienetan, galdutakoak edo ihes egindakoak izaten dira.

Maskota bat kalean zaurituta, galduta edo abandonatuta azaltzen denean, herritarrek udaltzaingora jo ohi dute laguntza eske. Azpeitian ere halaxe gertatzen da. Bi prozedura dituzte, katuentzakoa bata, eta txakurrentzakoa bestea. Kasu bakoitzean zer egiten duten azaldu diote udaltzainek hedabide honi. 

Kaleko katu bat zaurituta eramaten badiete edo deia jasotzen badute esanez katu bat nonbaiten zaurituta dagoela, lekura joaten dira, eta ikusi egiten dute zauriak zenbateko larritasuna duen. "Oso larri badago, zuzenean Ekain albaitariarengana eramaten dugu katua, eta beraiek arduratzen dira hortik aurrerakoaz". Oso larri dagoen kasuetan, zer eginik ez badago, akabatu egiten dute; animalia sendatzen bada, berriz, Usurbilen dagoen Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkartera eramaten dute. Katakumeak topatzen dituzten kasuetan ere, kaleko katuak ez badira behintzat, babesleku horrekin harremanetan jartzen dira udaltzainak, eta haiek arduratzen dira horietaz.

Udaltzaingoak zehaztu du, horrelako kasuetan, herritarrek eurengana jo behar dutela, eta ez zuzenean animalien babeserako Usurbilgo elkartera. "Herritarrek zuzenean hara deitzen badute, elkarteakoak ez dira katuaren bila etortzen; nahitaezkoa da udalaren bitartez egitea prozedura hori. Beraz, gugan jo behar dute, eta gu jarriko gara elkartekoekin harremanetan".

Azpeitiko Udaltzaingoa: "Derrigorra den arren, oraindik katu oso gutxik dute txipa"

Topatzen dutena kaleko katua ez denean, txipa baduen begiratzen diote, eta jabea atzematen saiatzen dira. "Gertatzen dena da katu oso gutxik dutela txipa. Animalien babeserako lege berriak dio katuek ere izan behar dutela, baina, oraindik, gehienek ez dute". Kasu horietan ere Usurbilgo elkartera eramaten dute animalia, eta epe batez han izaten dute jabearen zain. Epe bat pasatuta, adopzioan ematen dute.  

Txipa izatea, derrigorra

Kalean topatutako txakurrekin ere, modu berean hasten dute prozedura: txakurra dagoen lekura joaten dira udaltzainak, eta aurrrena, txipa baduen begiratzen diote. "Dena ahalik eta arinen egiten saiatzen gara. Txakurrak txipa badu, jabeari deitzen diogu, eta gehien-gehienetan berehala etortzen da jabea, ordurako bere txakurraren bila ibili ohi delako. Horrelako kasuetan, hor bukatzen da prozedura".

Udaltzainek ez badute txakurraren bila joaterik, Gorriye txakurtegiaren jabeari eskatzen diote hori egiteko, udalak harekin duelako hitzarmena. "Gorriyek hartzen duen kasuetan, bere txakurtegira eramaten du, txipa baduen begiratzen du, eta baldin badu, guri esaten digu zein den jabea, harekin harremanetan jartzeko". Jabea azaldu arte, Gorriye egiten da haren kargu, eta horrek kostu bat izaten du. Udaltzaingoaren esanetan, "jabeek uste dute bila joatean isuna ordainarazten dietela, baina ez da isuna izaten, Gorriyek emandako zerbitzuarengatiko tasak izaten dira". Txakurra udaltzainek jaso baina jabeak berehala haren bila joaterik ez badu ere, Gorriye egiten da txakurraren kargu.

Kalean azaldutako txakurrek txipik ez badute, Gorriye arduratzen da haiek albaitariarengana eramatez, eta baita horiei txipa eta txertoak jartzeaz ere. "Kasu horietan, jabea azaltzen bada, lehen aldian abisua ematen zaio, eta albaitariareneko gastuak eta Gorriyeren zerbitzuagatikoak ordaindu behar izaten ditu. Hilabeteko epean jabea azaltzen ez bada, hark Usurbilgo babeslekura edo beste elkarte batera eramaten du txakurra, adopzioan emateko".

Azpeitiko Udaltzaingoa: "Iaz, kalean azaldutako bi txakurrek bukatu zuten Usurbilgo babeslekuan, adopzioan emateko; duela bi urte, beste bik"

Dena dela, Udaltzaingoak zehaztu du txakur "gehien-gehienek" txipa izaten dutela, eta azken bi urteetako datu zehatzak eman ditu. 2022an, 34 txakur jaso zituen azpeitiko Udaltzaingoak, horietatik lau ziren txipik gabekoak, eta bik bukatu zuten Usurbilen; beste bien jabeak azaldu egin ziren. 2023an, berriz, 53 txakur jaso zituen Udaltzaingoak, horietatik bost kumaldi berekoak. Bost horiez gain, best hiru ziren txipik gabekoak, eta horietatik bik bukatu zuten elkartean. Txipdun txakur baten jabea animaliaren bila azaltzen ez den kasuetan, espediente administratiboa zabaltzen diote jabeari. Gaur egun, derrigorra da txakurrari txipa jarrita izatea beharrezkoa da. "Lehenengoan, txipa jarriarazi eta abisua ematen zaio jabeari; hortik aurrera, arazoak izan ditzake". 

Kasu bitxiagoak ere bai

Orain gutxi, agapornis espezieko txori baten topatu zuen herritar batek, eta Udaltzaingora eraman. "Jabea azaltzen ote zen zain egon ginen baina ez zen azaldu, eta topatu zuenaren lagun batek hartu zuen adpzioan. Horretarako izapideak aldundiarekin hitz eginda egin genituen, erakunde hori egiten delako txorien kargu. Aldundiak esan zigun hilabeteko epean jabea azaltzen ez bazen emateko adopzioan hartu nahi zuenari, eta halaxe egin genuen".

Beste behin asto txuri bat ere azaldu zen Loiolan, goizaldeko seietan, zuhaitz bati lotuta. "Nonbaitetik ihes egin eta herritar batek zuhaitz batera lotuta utzi zuen. Ia erotu egin ginen jabearen bila, krotisa irakurtzeko gailurik ez genuelako. Azkenean, azaldu zen jabea".

Oharrak jartzeko lekua

Udaltzaingoaren egoitzaren alboan galdutako edo topatutako animalien inguruko oharrak jartzeko lekua dago herritarren eskura: katu bat adopzioan eman nahi duela, txakurrak kumeak izan eta haiek oparitu nahi dituela... Han zerbait zintzilikatzeko, Udaltzaingora jo beharra dago, haiek dutelako giltza.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide