Tokiko kazetaritzako bi produktu berri eskaintzera doa Urolako Komunikazio Taldea (UKT) ostiral honetatik aurrera: GUKA magazina eta GUKA gehigarria. Eskualdea osatzen duten 11 herrietako txokoei, istorioei eta protagonistei emango zaie ahotsa, orain arteko eskaintza osatuko duten bi formatutan.
Batetik, Erlo telebistak bihar estreinatuko du GUKA magazina. Ordubeteko saioa Mireia Galarza kazetari azpeitiarrak gidatuko du, eta hileko aurreneko ostiralean emitituko da, 22:00etan hasita. Herriz herri eta auzoz auzo ibiliko da Galarza, kaleetan barna, eta geldialdi bakoitzean herritar bat elkarrizketatuko du. Magazinaren aurreneko saioan Getarian izan da kazetaria, eta Eñaut Elorrieta musikariarekin aritu da solasean.
Eskualdean ezkutuan nahiz begi-bistan ditugun txoko eta parajeak ezagutzeko eta plan polita egiteko proposamena ere jarriko du mahai gainean magazinak, Urrutira joan gabe izeneko atalarekin. Gorka Peñagarikano kazetari zarauztarrak erakutsiko dizkie ikus-entzuleei txoko horiek, baina hura ere ez da bakarrik ibiliko; saio bakoitzean gonbidatu batek egingo dizkio gidari lanak. Azkoitiko Madariaga auzoan ibili da aurreneko saioan Peñagarikano, Aittola aldean, eta Aittola Zar jatetxeko Joxe Izagirrek erakutsi dizkio hango parajeak.
Agendak ere edukiko du bere tokia: Andoni Elduaien kazetari azkoitiarrak Urola Kostan hilabete osoan egongo diren ekitaldi nabarmenenen berri emango die ikus-entzuleei.
Bestetik, aldizkariekin banatuko den GUKA gehigarriak ere izango du Urrutira joan gabe atala. Magazinean luze eta zabal jorratuko dena, paperean informazio praktikoz jantziko da, eta horiekin batera mapa eta argazkiak eskainiko dira. Gehigarriko atal nagusia, berriz, Parean eta pareko izeneko elkarrizketa sorta izango da. Gai beraren bueltan zer esana duten bi herritar elkartuko dira, eta gehigarrian argitaratzeaz gain, bideoz ere jasoko da elkarrizketa. Aurreneko bikoa Felix Zubia mediku zarauztarrak eta Amancay Gaztañaga musikari eta aktore zestoarrak osatu dute. Pandemiaz aritu dira, urteurrenaren harira.
Maxixatzen,Uztarria, Baleikeeta Karkara aldizkariekin argitaratuko da gehigarria, baina hango bi eduki nagusiak Urola Kostako Hitzako bazkideen eskura ere jarriko dira, QR kode bat argitaratuko delako aldizkarietan nahiz egunkari honetan, elkarrizketa eta txangoen bideoak mobiletik ikusteko, esklusiban.