Igeriketa ligetako egutegiak direla eta, San Andres saria ohiko data baino lehenago ospatuko dugu aurten. Larunbatean, azaroaren 16an, izango dira lehia eta festa, 16:00etan hasita. Zubiaurre nahiz Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek parte hartuko dute zapatuan.
Adinka banatuta, 25 metro egingo dituzte igerilari txikienek, alegia, LH3 eta LH4 mailetakoek. LH5 zein LH6 mailetakoek eta Marea Urdinako kideek, berriz, 50 metro osatu beharko dituzte. Denbora onena egiten duten maila bakoitzeko hiru partaideek izango dute podiumera igotzeko aukera eta horiek garaikurrak jasoko dituzte. Nolanahi ere, parte hartzaile guztiek eskuratuko dute saria, hala nola domina eta goxoki poltsa bat.
San Andres saria Zubiaurre Igeriketa Klubaren festa eguna da, maila guztietako igerilariak elkartzeko eta familiekin batera ospatzeko eguna izaten da. Azpeitiko Izarraitz Igeriketa Klubeko adiskideekin eta Marea Urdineko lagunekin horren maitea dugun kirol honetaz gozatuz, arratsaldea festa giroan pasatzea da helburua.
Zapatuko proba 16:00etan hasiko bada ere, igerilariek 15:00etarako Elkarguneko sarrera zaharrean egon beharko dute, proba hasi bitartean beroketa saioa egin ahal izateko. Bestalde, guraso laguntzaile taldeko kideei eskatzen zaie 15:30erako igerilekura bertaratzeko.