Aitona eta amona, herriko lehen erraldoiak

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko uztailaren 5a

1932an atera zituen aitonaren eta amonaren erraldoiak, Azkoitian. (Kepa Alberdi)

Gukak hil honetako 'Zaharrak Berri' atalerako hautatu duen argazkian Azkoitiko lehen erraldoiak ikus daitezke. Irudiko aitona eta amona erraldoiak izan zituen Azkoitiak 1932. urtetik 60ko hamarkadaren amaierara arte. 

Badira belaunaldiak lotzen dituzten irudiak eta elementuak, eta Azkoitian erraldoiena da horietako bat. Azkenaldian, herritar askoren ahotan dabiltza Azkoitiko erraldoiak; izan ere, udalak bi pilotari erraldoien erreplikak kaleratu berri ditu. Pilotari Eguna baliatu zuen erakundeak horretarako, eta ordutik, bazter askotan ikus daitezke panpina itxurako erraldoiak. 

Garai bateko festak desberdinak ziren egungoen aldean, baina bazuten gaurko festek mantentzen duten ezinbesteko elementu bat: erraldoien konpartsa. Hilabete honetako Zaharrak Berri atalean, memorian atzera egin eta herriko kaleak aurrenekoz kolorez jantzi zituzten erraldoi horien jatorrian sakonduko du Gukak. Askorentzat haurtzarora egindako bidaia izango da, eta beste batzuentzat, festen sustraietara hurbiltzeko saiakera.

Azkoitiko erraldoien konpartsak egun sei erraldoi ditu: aiton-amonak, indiarrak eta pilotariak, bakoitzetik bina. Nolanahi ere, horiek ez zuten herrira bidaia elkarrekin egin. Hasieran, bi erraldoi baino ez zituen izan Azkoitiak: irudiko aiton-amonenak. 1931. urtean erosi zituzten udalak bi erraldoi horiek Bartzelonako El Ingenio etxean. Guztira, 650 pezeta ordaindu zituen udalak bi erraldoiengatik, eta beste 144 pezeta, haiekin batera erosi zituen bi buruhandiengatik. Buruhandiek nekazariren itxura zuten, baina, geroago, Atano III.a pilotariarena ere enkargatu zuen udalak –irudian ezkerreko buruhandia da–. Josefa Antonia Larrañaga arduratu zen haientzat guztientzat jantziak egiteaz.

Erabat atondu zituztenean, bi erraldoi haiek herriko jai askotan atera zituzten kalera, aurrenekoz, 1932. urteko abuztuaren 14an. Ordea, 60ko hamarkadaren amaieran, aitona erraldoiak –irudian ezkerrean– erorikoa izan zuen parrokiaren aurrean, eta puskatu egin zen. Haien ordez Zaragozako Arafi etxean egindako bi erraldoi erosi zituen udalak, On Kixote Mantxakoa eta Dultzinea Tobosokoa irudikatzen zituztenak, baina laster hondatu ziren haiek ere. Azkenean, egun oraindik kalean dantzatzen dituzten indiar erraldoiak ekarri zituzten Azkoitira, 1977. urtean. 

Bi indiar erraldoiak bakar-bakarrik ibili ziren zenbait urtez, harik eta 2002. urtean udalak aitona eta amona erraldoiak erosi zituzten arte; Azkoitiak izan zituen aurreneko erraldoi haiei keinu bat egin nahi izan zien orduan udalak. 2004. urtean, berriz, pilotari gizonen bikotea batu zen konpartsara, eta indiar erraldoien jantzi berriak diseinatu zituzten. Iaz, berriz, Iñigo Borda artistak pilotari erraldoietako bati emakumearen itxura eman zion, gizon-emakume pilotari bikotea osatuz.

Pilotari Egunean atera zituzten azkenekoz kalera bi pilotari erraldoiak, eta laster izango dira berriz ere kalean; izan ere, hilabete eta erdiko atsedena gelditzen zaie haiei, andremarietan kalerik kale ibili beharko dute-eta, gainontzeko azkoitiarren moduan.

Irudian, erraldoiak, haiek eramaten zituzten mutilak, buruhandiak eta dultzaineroak ageri dira; Joxe Mari, Alejandro eta Konstantino Agirretxe errezildarrak dira hiru musikariak, hain justu.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide