Haurren gozagarri izan ohi dira festetan kalean gora eta behera dantzan ibiltzen diren erraldoiak, eta orain, Azkoitiko umeek nonahi dute horiekin gozatzeko aukera. Izan ere, beste herri askotan bezala, Azkoitiak bere bi erraldoiren erreplika txikiak sortu ditu, herriko ikur diren pilotarien panpinak kaleratu baititu Azkoitiko Udalak.
Herriko konpartsa sei erraldoik osatzen dute guztira: aiton-amonek, indiarrek eta pilotariek, bakoitzetik bina erraldoirekin. Baina Azkoitian, "pilotaren sehaska" deituriko herrian, udalak ezinbestean aukeratu du pilotari gizon-emakumeak osatzen duten bikotea erreplika txikiak sortzeko: "Lehenesten hasita, pilotariekin hastea erabaki genuen. Izan ere, iaz sortu genuen emakume pilotariaren erraldoia ere, eta, nolabait, kirol horrek inguratzen duena sustatzeko modua dela uste dugu", adierazi du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak.
Andremarietan, berriz
Joan zen ekainaren 13an ospatu zuten X. Pilotari Egunean aurkeztu zituen erakundeak emakume eta gizon pilotari erraldoien irudi txikiak jendaurrean. Vazquezek jakinarazi duenez, ordea, udalak ez zituen espreski egun horretarako sortu; lehenagotik eginak zituzten, baina "polita" iruditu zitzaien panpinak Pilotari Egunean plazaratzea, jakinda hitzordu horren bueltan "jendetza" elkartzen dela. Vazquezek gaineratu du berezko erraldoiak ere egun horretan atera zirela lehendabiziko aldiz kalejiran "beren jantziekin"; hau da, atzealdean Azkoitia izena jarrita: "Erraldoi txikiek ere irudiaren atzealdean Azkoitia izena daramate, eta erraldoi originalak eta horien erreplikak berdinak izatea nahi genuenez, erraldoi handiei jantzietan aldaketa egin zitzaien Pilotari Egunerako".
Egun hartan, gizon eta emakume pilotarien 250na erreplika jarri zituzten saltzen, eta horietatik 200 bat erosi zituzten herritarrek. "Jendeari gustatu zitzaizkion, eta kalean ikusten ziren umeak erraldoi txikiekin". Izan ere, erraldoi pilotariek "bikote polita" osatzen dutela uste du Kultura zinegotziak, "Azkoitiko ikur" direla azpimarratuta. Berriz ere jarriko dituzte herritarren eskuragarri erraldoi txikiak, udalak aurreratu baitu Andre Mari bezperan ere, abuztuaren 14an, izango dela erosteko aukera, herriko festak hastearekin batera, Portaleburu aretoan. Era berean, erakundeak beretzat hartu ditu beste ale batzuk, aurrerantzean oroigarri gisa ere banatzeko.
Azken urteetan zabaltzen joan da festetako figura erraldoien panpin txikiak sortzeko joera, gustagarriak izan ohi direlako, batez ere umeentzat: "Erraldoirik gabe ez dago festarik, eta festa denoi gustatzen zaigunez, erraldoien eta festaren arteko lotura tarteko, gehiengoak pozik hartzen dituela esango nuke", dio Vazquezek. Haren arabera, "moda kontua" ere izan daiteke erraldoien erreplikak han-hemenka sortzearena, baina finean, gomazko irudi txiki horiek ere "artelanak" direla azpimarratu du.