Artista egunero joaten da estudiora, errepikakorra da bere lana, mekanikoa, aspergarria ia. Hartzen ditu egurrak, mozten ditu neurrian, lixatzen ditu mimo handiz, ematen die igeltsua gero urrea eman behar balie bezalaxe, eta bitartean irrati lokala entzuten du, “libertarians” deitzen zaien jendea, sekulakoak botatzen uhinetan. Horixe da bideoan ikusi eta entzun daitekeena. Artista markoak dekonstruitzen, eta irratiak sortzen duen marko ideologikoa erakusten aldi berean.
“Herri txiki batean bizi naiz”, dio artistak, “eta hau beste mundu bat da. Ameriketako Estatu Batuetan arte munduan dabilen jendeak ez daki hau badenik ere, ez du ezagutzen, arrotza egiten zaie erabat”. Erlea Maneros Zabalak inoiz entzun ez duten hori entzunarazi nahi die, markoak erakutsi, errealitatea zedarritzen duten markoak. “Artisten artean ere egon da joera bat mendebaldeko basamortua leku huts eta utopiko batekin lotzeko, natura puru batekin, baina basamortuan jenda bizi da, eta hemengo giro soziala oso gogorra da, zerikusi gutxi du leku utopiko horrekin”.
Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta duen CC lizentza baliatuta ekarri dugu MAXIXATZENera.