Ane Boschek 16 urtez azpikoen Espainiako txapelketa jokatuko du zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Xeye atletismo taldea 2025ko urr. 1a, 08:56

Bosch, eskuinean, Pedro Muñoz entrenatzailearekin. (Utzitakoa)

Euskal selekzioak deitu du Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarra, eta zapatuan, Alacanteko La Nucia herrian (Herrialde Katalanak) du hitzordua.

Ane Bosch Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak 16 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatuko du datorren zapatuan, euskal selekzioarekin. Alacanteko La Nucia herrian (Herrialde Katalanak) du hark 3.000 metroko proba jokatzeko hitzordua.

Apirilaren 5ean, distantzia bereko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak Durangon (Bizkaia), proba 10.45 denboran osatuta. Maiatzaren 31n, ordea, denbora hamar segundo jaitsi zuen Boschek –10.35 egin zuen– Durangoko pista berean. Hain justu, Boschen azken denbora hori denboraldi honetako Euskal Herriko onena da 16 urtez azpikoen artean, eta horregatik, asteburuan Espainiako Txapelketa lehiatzeko deitu du euskal selekzioak. 

Bikaina ari da izaten Boschen denboraldia, atletismoko egutegian lehiatu ohi diren lau Espainiako Txapelketetan parte hartu du-eta hark. Urtarrilean, Espainiako Kros Txapelketa jokatu zuen Getafen (Espainia); martxoan, Pista Estaliko Espainiako Txapelketa jokatu zuen, 1.000 metroko proban; uztailean, aire zabaleko pistako Espainiako Txapelketan aritu zen Xixonen (Espainia), 3.000 metroko proban; eta datorren zapatuan, Alacanten arituko da, distantzia berean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide