Datorren asteburuan, autonomia erkidegoen arteko Espainiako Kros Txapelketa jokatuko dute Getafeko (Espainia) Cerro de los Angelesen. Euskal selekzioak Xeye atletismo taldeko hiru korrikalari azkoitiar deitu ditu txapelketa horretan aritzeko: Joseba Diaz, Bingen Aranbarri eta Ane Bosch.
Senior mailako proban arituko da Diaz, 23 urtez azpikoen lasterketan Aranbarri eta 16 urtez azpikoen lehian Bosch. Antxintxika egiten lehena Bosch izango da; Euskadiko Kros Txapelketa irabazi duen korrikalariak zapatuan, hilaren 25ean, korrituko du bere proba, 11:00etan hasita; Boschek lau kilometroko lasterketa osatu beharko du.
Igandean arituko dira, bestalde, Diaz eta Aranbarri. 23 urtez azpiko proba 12:00etan hasiko da, eta hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Diazen txanda, berriz, 13:30ean izango da, eta hark ere hamar kilometroko lasterketa izango du osatzeko.