Ane Bosch Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak Euskadiko Kros Txapelketa irabazi du. Atzo, igandea, jokatu zuten proba Ordizian (Gipuzkoa), Txindoki atletismo taldeak urtero antolatzen duen kros lasterketaren barruan.
16 urtez azpikoen lasterketan parte hartu zuen korrikalari azkoitiarrak, eta hark aurrena zeharkatu zuen helmuga, Maier Miota Bidezabal Durango atletismo taldeko eta Amaiur Etxeandia Gernikako atletismo taldeko kideen aurretik. Guztira, 2,75 kilometroko proba egin zuten, eta azkoitiarrak 00.08.53 denbora egin zuen. Hain justu, bigarren sailkatu zen Miotak baino segundo bat azkarrago eta hirugarren sailkatu zen Etxeandiak baino bi lehenago.
Eguraldia lagun, jende ugari bildu zen Ordiziako Oiangu parkean. Eguzkia gailendu bazen ere, azken egunetako euriaren eragina nabarmena izan zen; izan ere, korrikalariek lokatza aurkitu zuten ibilbidearen zenbait zatitan. 16 urtez azpiko nesken lehia jokatu zuten aurrena, eta 13:30ak aldera azken lasterketa, benjamin mutilena. Tartean 18 urtez azpiko eta 20 urtez azpiko gizon-emakumeen lasterketak, lasterketa mistoa eta senior mailako korrikalarien probak jokatu zituzten, besteak beste.
Xeye taldeak Boschek eskuratutako garaikurra bakarrik lortu bazuen ere, taldeko hainbat lagunek parte hartu zuten atzoko txapelketan: 16 urtez azpiko nesketan, Ane Arregik; 16 urtez azpiko mutiletan, Unax Artetxek; 18 urtez azpiko mutiletan, Ibai Maizek; eta senior mailako gizonetan, Unai Martinezek, Bingen Aranbarrik, Beñat Aldalurrek, Pedro Muñozek eta Garikoitz Uzkudunek. Eskolarteko probetan ere taldekide ugariren ordezkaritza izan zuen Xeyek.