Urratsa egiteko ordua

Mikel Zubizarreta: 'Azkottixen, maiatzak 7xen, aukera!'

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko mai. 4a, 23:23

Mikel Zubizarreta Orbegozo EAJko kideak M7ko herri-galdeketaren harira bidali digun iritzi artikulua, hemen.

 

Datorren igandean, Urrats taldeari esker, azkoitiarrok gure iritzia emateko aukera izango dugu.

Gure Esku Dago ekimena, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimena izanda, beraiek uste dutena baino gehiago lortuko dute igandeko galdeketan:

          - Herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula adierazteko ekimena aurrera eraman dute.

          - Ekimen hau, herriko hainbat eta hainbat elkarte, pertsona eta erakundek babestea lortu du, eta baita Azkoitiko Udalean dauden alderdi politikoen babes ia osoa lortu du.

Ez da Azkoitian egingo den lehen herri kontsulta izango, eta espero dut ez dela azkena izango, baina normaltasun baten barruan egitea lortu den herri ekimena izango da.

Burujabetzari buruzko herri galdeketa honetarako eratu diren hainbat batzorderen inguruan, begirale papera aurrera eramateko eskaera egin zidaten, hau da, jardunbidearen gardentasuna eta garbitasuna egiaztatzeko eginkizuna.

Badirudi eginkizun honetarako ekonomia eta enpresa zientzietan egindako ikasketak baloratu dituztela, edo Azkoitiko Udalean hamabi urtez EAJ-ko zinegotzi eta alkateorde eginkizunak, edo gaur egun Gipuzkoako Urak enpresan daramadan antolatze ardura ere kontutan hartu dutela. Bata edo bestea izan, ez nuen zalantzarik izan eginbehar honetan nire esku zegoen guztia egiteko baietza ematean.

Euskal estatu burujabe baten herritar izatea nahi al dugun galdetuko digute igandean, herritar gisa, gure etorkizunari buruz nahi dugun eredua zein izatea nahiko genduken.

Urteetan egon gara herritarrei galdetu beharko litzaiekela aldarrikatzen, eta iritsi da momentua. Aukera izango dugu, herritar bakoitzak, burujabetzari buruz gure iritzia emateko.

Hau horrela, EAJko alderdikide eta azkoitiar bezala, herritar guztiak gonbidatu eta animatzen ditut  igandean bere iritzia eman dezaten. Batzuk aldekoa, besteak kontrakoa, baina herriko erabakia izan dadila.

Igandean, ni ere, bozkatzera joango naiz.

Mikel Zubizarreta Orbegozo

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide