(Rosario Lasa Urrats taldeko kideak adierazpen bat irakurri zuen, Osoko Bilkuran)
Erabakitzeko eskubidearen inguruan maiatzaren 7an Azkoitian egingo den herri galdeketa babestu dute EAJk, EH Bilduk eta Azkoita Baik. Ekimen horretan parte hartzeko deia egin die 16 urtetik gorako herritarrei Azkoitiko Udalak.
Era berean, mozio honen bidez Azkoitiko Udalak adierazi du euskal herritarrek etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna babesten dituela. Gainera, Udalak aldarrikatu du demokrazia herritarren erabakia dela, eta beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela.
Maiatzaren 7ko galdeketaren aurrean, hitzez hitz, honakoa onartu du:
- Azkoitiko Udalak Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du
- Azkoitiko Udalak izaera ezberdinetako azkoitiarrak erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartzera animatzen ditugu
- Azkoitiko Udalak maiatzaren 7an Azkoitian egingo den herri galdeketa babesten eta bultzatzen du, eta dei egiten diegu azkoitiar guztiei maiatzaren 7an botoa ematera
Maiatzak 7: informazioa praktikoa
Boto emaileek ondorengo galderari eman beharko diote erantzuna: ‘Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?‘. Bi boto paper izango dira, bat “BAI” erantzunarekin, eta bestea “EZ” erantzunarekin. Boto paperak eta gutun azalak etxe guztietara banatuko dira. Bozketa lekuetan ere behar adina boto paper izango dira.
Lau bozketa gunetan, zazpi mahai jarriko dira: Xabier Munibe Ikastolan, Torre Zurin, Elkargunean eta Liburutegian. Ohiko hauteskundeetan ez bezela, herritarrek nahi duten mahaia aukeratu ahal izango dute botoa emateko; hala ere, besteetan bozkatu ohi duten tokian bozkatzea aholkatzen da. 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik boto-kutxak. Botoa emateko NAN dokumentua aurkeztea nahikoa da. Hori bai, Nortasun Agirian bizilekua Azkoitia ez den beste herriren bat jartzen badu, errolda agiria aurkezte beharrezkoa izango da.
Maiatzaren 7an botoa eman ezin duenak, aurretik emateko aukera izango du, maiatzaren 5era arten Herriko Plazan.