Urrats taldea hasi da erabakitzeko eskubidearen inguruko herri-galdeketarako bidea marrazten. Bide hori ahalik eta herritar gehienekin egitea da helburua, eta horretarako bilera irekia antolatu dugu, herriko talde eta eragile guztiei ekimenaren berri emateko. Elkarlana izango da gakoa, herri-galdeketak arrakasta izan dezan.
Beraz, prozesu guztiaren berri zehatzago emateko eta ekimenak partekatzeko datorren abenduaren 27an, asteartea, 19:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan bilduko gara herriko eragileekin. Talde bakoitzeko ordezkariei bertaratzeko deia egiten zaie, denon parte hartzearekin bakarrik izango duelako ekimenak behar duen indarra. Bakoitzak beretik, prozesuari egin diezaioken ekarpena oso baliotsua izango dela ziur gaude.
Sinadura-bilketa duela hilabete pasatxo abiatu genuen, eta herritar askoren babesa jaso dugu, dagoeneko. Babes handia ari gara jasotzen, eta denei eskerrak eman nahi dizkiegu. Bereziki, lau izen aipatu nahi ditugu, euren sinadurak publikoki eman zituztelako, Zarautzen, joan den astean, egin zen ekitaldian; Itziar Elias aktoreari, Mikel Elortza txirrindulariari, Imanol Aleson mendi-korrikalariari eta Juan Jose Unanue 'Goenatxo' harri-jasotzaileari eman nahi dizkio Urratsek eskerrak, erakutsitako babesagatik.
Urola Kostan erabakitzeko eskubidearen inguruan herri-galdeketa noiz egingo den eta zer galdetuko den iragartzeko ekitaldi jendetsua egin zen Zarautzen; Urrats taldea ere bertan izan zen, eskualdeko beste zazpi herritako ordezkarirekin batera. Dakizuenez, maiatzaren 7an egingo da herri galdeketa, eta herritarrei egingo zaien galdera, hauxe: 'Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?'.