Azaroaren 19an hasiko gara sinadurak biltzen

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2016ko aza. 5a, 15:19

Autodeterminazioaren inguruko herri-galdeketa antolatuko duen talde eragilea aurkeztu dugu gaur hedabideen aurrean. 2017ko udaberrian egingo dugu kontsulta, eta ia 40 herritarrek hartu dugu galdeketa hori antolatzeko konpromiso irmoa. Lehen urratsa sinadurak biltzea izango da, galdeketa modu ofizialean deitu ahal izateko: azaroaren 19an hasiko gara biltzen!

Autodeterminazioaren inguruko herri-galdeketa egingo da 2017ko udaberrian Azkoitian, Gure Esku Dago herri ekimenak sustatuta. Galdeketa hori antolatzeko jaio da Urrats taldea; ekainean hasi ginen bidea marrazten, eta ordutik, bileraz bilera, Urratsen izaera eta helburuak finkatu ditugu.

Ia 40 azkoitiarrek osatzen dugu Urratsen talde eragilea. Urola Kostako beste bost herrirekin (Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Orio) batera antolatuko dugu galdeketa, eta elkarlanean ari gara tokian tokian sortu diren taldeekin. Denon artean adostuko ditugu galdera eta galdeketa eguna.

Herri-galdeketan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua, Azkoitiko herritarren ideologia, pentsamendu, sinesmen eta kultura aniztasunaren isla izan dadin kontsulta. Hala, akuilu izan nahi du Urrats taldeak. Azkoitian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak daude deituta galdeketan parte hartzera.

Gaiaren inguruko gogoeta egin eta denon artean modu naturalean burujabetzaz hausnartzea da gure nahia: horretarako, eta giroa berotze aldera, hainbat eta hainbat ekintza antolatuko ditugu datozen aste eta  hilabeteotan. Herritarron garaia dela sinetsita gaude, eta gure etorkizun politikoa erabakitzeko gure ahotsa entzunaraztea ezinbestekoa da. Horregatik jarriko ditugu hautetsontziak, herritarrek iritzia eman dezaten.

Hasteko, hurrengo urratsa sinadura bilketa izango da. Herrian erroldatuta dauden herritarren % 10en sinadurak bildu behar ditugu, gutxienez, galdeketak zilegitasuna izan dezan. Azaroaren 19an hasiko gara sinadurak biltzen eta zure parte hartzea ezinbestekoa da!

Urratsek dei egiten die azkoitiar guztiei hurrengo aste eta hilabeteotan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Bidelagun izan nahi zaituztegu, herritarron garaia delako eta  etorkizuna GURE ESKU DAGOelako!

Hona hemen Urrats taldeak bere egin duen ADIERAZPENA:

        GURE ESKU DAGO. Horixe esatera gatozkizue gaurkoan. Herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea geurea dela. Euskal Herrian haize berria dabil, kostaldetik barrualdera eta ekialdetik mendebaldera, herriz herri erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen eta galdeketak antolatzen.

         Azkoitiarrok ere,  azpeitiarrengandik jaso dugu lekukoa eta Urola Kostako gainerako herriekin batera, erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua hartu nahi dugu. Horren alde elkarlanean ariko gara datozen hilabeteetan, harik eta udaberrian gure asmoa loratu, eta Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Oriorekin batera herri galdeketa egiten dugun egunera arte.

         Horretarako sortu da URRATS taldea, eta halaxe egingo dugu aurrera, URRATSEZ URRATS, elkarren ondoan, denok ezberdinak izanda, elkarrekin lan egiteak aberasten gaituelako eta  demokraziaren adierazpenik oinarrizkoena gauzatzea denontzat mesede dela sinesten dugulako. Horregatik, datozen aste eta hilabeteetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera eta gure ondoan jardutera animatu nahi ditugu azkoitiar guztiak; zahar eta gazte, ezkerreko eta eskuineko, bertakoak  eta bertakotuak, DENAK. Asko eta askotarikoak izateak indarra emango baitigu guztioi eta horrela udaberrian sendo erneko da orain ereindako hazia.

         Erabakitzeko eskubidea guri dagokigula uste baduzu, etorri, pozik hartuko zaitugu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide