Abuztuaren 17an, andremarietako Baserritarren Egunean, egingo dute aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omentzeko bazkaria, Plaza Ondok eta udalak antolatuta. Iaz bezala, aurten ere Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dute bazkari-omenaldia.
Izena emateko epea itxita badago ere, jubilatuen elkarteak Kultur Etxean duen bigarren solairuan eskuratu ahal izango dute omenaldi-bazkariari buruzko informazioa astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara bitartean.
Igandez ospatuko dute aurten Baserritarren Eguna. Bazkariaren aurretik, ohi bezala, omenduek eta haien senitartekoek meza egingo dute 12:30ean Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, eta ondoren, bazkaria, Elkargunean. Bazkalostean, gainera, aurten 90 urte bete dituzten herritarrei oroigarriak banatuko dizkiete, eta ondoren, trikitilarien saioa izango da.