Tapiatarrak, Fernando eta Juan Ramon

Erabiltzailearen aurpegia Txulue pilota elkartea

Ezkerrean, Juan Ramon, eta eskuinean, Fernando Tapia.

Txulue pilota elkarteak aste honetan jakinarazi du aurtengo Pilotari Eguneko egitaraua, eta bide batez, aurten omenduko duten dinastia zein izango den. Elkarteak tapiatarrak omenduko ditu, eta ekarpen honen bidez haiek izan ditu gogoan. Haiek egindako ibilbidea eta pilotari bezala zituzten ezaugarri nagusiak laburbildu ditu Txuluek. 

1940ko hamarkadan jaio ziren Juan Ramon eta Fernando Tapia anaia pilotariak. Garai batean, pilotaleku ugari bete zituzten beraien joko ikusgarriarekin, eta modako pilotariak bihurtu ziren afizionatuen mailan.

Famatuak egin ziren bi anaiak afizionatu mailan hiru pilotariren aurka jokatutako erronkengatik eta 1960. urtean Gipuzkoako eta Bizkaiko frontoietan irabazitako txapel guztiengatik. Urte oso oparoa izan zuten hura, eta beste pilotarien artean nabarmendu egin ziren.

Hurrengo pausoa profesional mailan egindako debuta izan zen bientzat; izan ere, 1961. urtean egin zuten debuta biek binakakoan, Zarauzko Zinema frontoian; 22-14 irabazi zuten. Hori gutxi ez, eta debutaren ondoren, hamahiru partida irabazi zituzten jarraian. Oiartzun handia izan zuen bi anaien hastapenak. Kontuan izan behar da, garai hartan ez zegoela eskuz binakako txapelketarik, eta ondorioz, herri desberdinetako jaietan jokatzen zituztela modalitate horretako lehiak.

Tapiatarrek profesional mailan izan zuten arrakasta handiena, ordea. Bikote zurruna zen eta joko ikusgarria zuten, jokaldi ezberdinak nahasten baitzituzten tantoetan. Jendea haiekin zaletu zen, frontoi guztiak goraino betez, sarrerarik gabe gelditzen baitzen asko sarritan.

Biek erakutsi zuten mailari esker, bikotea garaiko pilotari onenekin binakakoan jokatzera ailegatu zen, besteak beste, Atanillorekin, Andueza III.arekin, Barberitorekin, Azkaraterekin, Oguetarekin, Garciariñorekin eta Arriaran anaiekin batera.

Pilotaren jokoa guztiz aldatu zuten haiek jokaldi mota ezberdinak sartuta. Botera jokatzeko joera zegoen garaian eta besagaina nagusitzen zen momentuan agertu ziren Fernando eta Juan Ramon. Airez, bi paretaz, boleaz... mota guztietako tantoak nahasten zituzten.

Fernando Tapia Tapia I.ak, esaterako, oso berea zuen jokaldi bat garatu zuen: atzeko koadroetatik bi pareta egitea, hain justu, pilota lehen aldiz seigarren koadro inguruan jota. Jokaldi horrek liluratuta uzten zituen zaletu guztiak. Adibide gisa, El libro de oro de la pelota liburuan, El rey de las dos paredes gisa izendatu zuten hura. Atzelaria zen hura, eta hiru urtez jokatu zuen Bigarren Mailako buruz buruko txapelketa, eta azken urtean, txapela lortu zuen.

Lehen Mailako buruz buruko txapelketan, berriz, askotan parte hartu zuen Tapia I.ak, eta ia txapeldun bilakatu zen Retegi I.aren aurka 1973. urtean jokatutako finalean. Zorte txarra izan zuen azkoitiarrak egun hartan; izan ere, partida nahikoa erraz irabazten ari zenean, 17-10 aurretik zela, abduktorean min hartu zuen. Hala eta guztiz ere, adorez, jokatzen jarraitzea erabakitzea zuen hark, partida irabazteko gai zela pentsatuta. Ez zen horrela izan, ordea, 22-20 galdu zuen-eta azkenean.

Juan Ramon Tapia Tapia II.a, berriz, aurrelaria zen, joko alaia eta bolea boteretsua zuen; errematatzaile ikusgarria zen. Gainera, oso abila zen pilota ezkutatzen, aurkariak espero ez zuenean egiten baitzituen bere jokaldirik onenak. Gaztea zela, ordea, giltzurrun bat kendu zioten, eta horrek bere pilotari ibilbidea eten zuen.

Aipatu behar da, Fernadoren semeak, Tapia III.ak, ere egin duela bere ibilbidea pilota munduan. Hainbat urtez Kontzejupeko pilota txapelketan parte hartu du hark, eta pilota federazioko kidea ere izan da.

Besterik gabe, Txulue elkarteak oroigarri hau eskaini nahi izan die tapiatarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide